Haur bat oso larri dago, buruan traumatismoa duela, atzo goizean Villabona-Zizurkil (Gipuzkoa) ondoko tren geltokiko trenbidetik igarotzen ari zela salgaiak zeramatzan tren batek harrapatu eta gero.
Renfe konpainiak baieztatu duenez, 09:00etan gertatu zen ezbeharra. Haurraren anaiak eman zion istripuaren berri Zizurkilgo Udaltzaingoari. Hala, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuetakoak joan ziren berehala ezbeharraren lekura, eta haurra Donostia Ospitalera eraman zuten.
Minutu gutxitara, Ertzaintzak azaldu zuen 10 urteko gaztetxoa zela eta haren egoera oso larria zela eta. Lehendabizi Zizurkilen bertan artatu zuten, eta, ondoren, ospitalera eraman. Donostia ospitaletik jakitera eman zutenez, garezurreko traumatismoa du, eta haren egoera larria da.
Istripuaren ostean, tren zerbitzua etenda egon zen. 09:40 inguruan errail bat zabaldu zuten Donostia aldetik zetozen trenak bideratzeko.
Geltokiaren arduradun Trenbide Azpiegitura Administratzaile Adif enpresako teknikariak lekuan bertan aritu ziren istripua ikertzen.
Eskualdetik igarotzen den trenbidearen kudeatzailea Adif da. Enpresako iturrien arabera, «erantzukizuna bertatik pasatzen ari den pertsonarena da, baimendu gabeko lekutik pasatzeagatik. Kasu honetan, gainera, adingabea denez, haren gurasoak izango lirateke arduradunak».
Hala eta guztiz ere, Adifeko arduradunek jakinarazi zuten kasua aztertzen ari direla: «Segurtasun neurri guztiak betetzen diren edo ez jakin behar dugu», agertu zioten Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ri.
Familiaren egoeraz
Haurrak eta haren familiak, egun, trenbidetik metro gutxira dagoen industrialdeko aparkalekua dute bizitoki.Hain zuzen ere, autokarabana batean bizi dira.
Adifek azken urteetan hainbat hobekuntza lan egin ditu bere geltokietan, tartean Villabona-Zizurkilgoan. Hala, trenbidea eta herrigunea bereizi eta segurtasuna handitu nahi izan du. Baina, adibidez, trenbidea eta haurraren bizilekua aldapatxo batek besterik ez ditu bereizten, eta ez dago hesirik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, istripua izan duen haurra ez dago haren babes sisteman. Zizurkilgo Udala zuhurtziaz mintzatu da gaiari buruz, istripua izan duena adingabea baita, eta familiak eman behar duelako hitz egiteko baimena.
Tren batek haur bat harrapatu du Zizurkilen, eta oso larri dago
Haurra istripua gertatu zen tokiaren ondoan bizi da, autokarabana batean, eta anaiak eman du ezbeharraren berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu