Atzo iluntzean Ormaiztegiko (Gipuzkoa) trenbidearen zubia zeharkatu duen tren batek kargaren zati bat galdu du, eta harri ugari erori dira zubitik behera, trenbidearen azpian dagoen aparkalekura. Goierriko Hitzak jakinarazi duenez. Harriek kalte egin diete aparkalekuan zeuden hogeita hamar auto ingururi (ikusi argazkiak). Karrozeria mailaturik eta hainbat kristal hautsita dauzkatela topatu dituzte jabeek ibilgailuak.
Antza denez, merkantzia tren batek zeraman kontainerraren atea zabaldu egin da martxan zihoala, eta orduan erori da harri pila. Atzo 20:00 aldera erori ziren harriak, eta horri esker ez da kalte larriagorik izan. Izan ere, hortik gertu daude herriko eskola, kiroldegia eta musika eskola. Ormaiztegiko trenbideko zubia zubi historikoaren paretsu dago garaieran, eta hark hogeita hamar metro baino gehiago ditu leku garaienean. Zorionez, atzo ez zen inor azpian, eta ez da inor zauritu.