AZPIEGITURAK

Trenbide sektorean 24 orduko greba dute gaur

Renfe liberalizatzearekin, lanpostu ugari galtzeaz gain, tren bidezko garraioaren zerbitzu izaera gal daitekeela ohartarazi dute, errentagarritasuna nahiko baitute enpresek. Greba daukate gaur. Gutxienez, trenen %60k ibili beharko dute aldirikoetan, eta %75ek gainerakoetan. 

2012ko abuztuaren 3a
14:32
Entzun

Renfe, FEVE eta Adif enpresetako langileek sektorearen pribatizazioaren aurka egiteko 24 orduko greba hasi dute gaur (00:00) eta, ondorioz, normalean baino tren gutxiago izango dira Hego Euskal Herrian, bai aldiriko zerbitzuetan eta baita ibilbide luzeko bidaietan ere. 1.800 langile inguru daude lanuztea egitera deituak. Sindikatuak emandako datuen arabera, goizean grebaren jarraipena %75ekoa izan da. 

Aldiriko trenen %60k gutxienez ibili beharko dute gaurko greban, eta ibilbide luzeagoko trenen %75ek. LAB sindikatuak gutxineneko zerbitzu horiek "gehiezgizkoak" direla salatu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Herriko trenbide arloan enpresa publiko bat egiteko. EuskoTren, Euskal Trenbide Sarea eta Bilboko Metroa Jaurlaritzaren menpe daude egun. Mapa hori osatze aldera, Iñaki Arriola Garraio sailburuari eskatu diote FEVEren ardurapean dauden bideen kudeaketaz ardura dadila. Bide batez, trenbide sektoreari buruzko gogoeta eskatu diote sektorearen beharrak zehazteko. Hori dela eta, LABek gaurko grebarekin bat egin du; Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan protesta egin dute, 10:30ean.

Renfetik iragarri dutenez, aldez aurretik txartelak erosi dituzten bidaiariek gehigarririk ordaindu gabe alda ditzakete txartelak edo dirua itzultzea eskatu.

Hurrengo geltokia, pribatizazioa

Burdinbide sektorearen berregituraketa. Hitz horiekin aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak aurrera begira sektore horren pribatizazioa ekar dezakeen lehen pausoa. Sindikatuek horrela baloratu dute, behintzat, eta, horregatik, greba dute gaur. Burdinbideen sektorearen pribatizazioa 2013ko uztailaren 31ra aurreratuko du —2014ko abenduan egitekoa zuten— eta Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoa lau zatitan banatuko du: bidaiariak, merkantzia, mantentzea eta alokairua.

"Espainiako Gobernuak Renfe zatitzen eta liberalizatzen badu, aurrera begira pribatizatzeko da; ez dago beste modu batean ulertzerik", azaldu du Antonio Sanchezek, Arabako Adifeko langileen batzordeko presidenteak. 

Bidaiarien alorreko errentagarritasunaren ikuspuntua ulertzeko egungo sektorea hirutan banatu behar dela azaldu du langile batzordeko presidenteak: aldiriko trenak, ibilbide ertainekoak eta ibilbide luzekoak. Ibilbide luzeari dagokionez, jakinarazi du abiadura handiko trenak soilik direla errentagarriak, eta gaineratu du ondorioz gainerako lineak desagertzeko arriskuan daudela, baita erabilera txikia duten tren azkar batzuk ere. "AHTa errentagarria izan dadin, batez beste %90tik gorako erabilera izan behar du".

Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretuak beste aldaketa esanguratsu bat badakar: urte amaieran, FEVE —Espainiako trenbide estuak kudeatzen dituen enpresa publikoa— Renferen eta Adifen barruan sartuko da. Hori egiteko, FEVE bitan zatituko dute: alor komertziala Renfen txertatuko da, eta azpiegiturena, Adifen. Erabaki horrek, hasiera batean, lanpostuetan eragingo duela ohartarazi dute sindikatuek.

Hego Euskal Herrian, funtsean, Bizkaian eragingo du aldaketa horrek. Bilbotik ateratzen dira Santander eta Leonera (Espainia) joateko trenak, baita Balmasedara joatekoak ere. FEVE desagertzeak Gipuzkoan ere eragingo du, nolabait. Hain zuzen ere, FEVEk tren turistikoak kudeatzen ditu, eta Kantauri itsasoko kostaldea zeharkatzen duena Donostiatik ateratzen da, eta Ferrolen (Galizia) bukatu. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.