Ekaitz iragarpena

Trenik eta autobusik ez da ibiliko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 20:00etatik aurrera

Renfek 18:00etan eten du tren zerbitzua. Kamioiei ibiltzea galarazi diete Hego Euskal Herri osoan. 20:00etatik 02:00etara joko ei du ekaitzak gogorren, eta etxetik ez ateratzeko aholkua eman du berriro Jaurlaritzak.

2010eko otsailaren 27a
19:50
Entzun
Bi aukera aurreikusten zituen gaurko iragarritako haizete handirako Jaurlaritzako krisi mahaiak: Portugalgo kostatik edo Galiziatik sartzea Euskal Herrira. Lehena zen hipotesi onena; bigarrena gertatuz gero, ekaitza eta haize zurrunbiloa are eta handiagoa izango dela ohartarazi zuten atzo. Bada aukerarik txarrena bete eta haizetea Galiziatik datorrela jakinarazi du Jaurlaritzak, eta horrenbestez, babes neurririk handienak hartzeko eta ahal dela etxetik ez irtetzeko eskatu die herritarrei. 20:00etatik 02:00ak artekoa izango ei da tarterik okerrena.

Nolanahi ere, dagoeneko ekaitzak izan du eragina eguneroko bizimoduko martxan: Renfek bertan behera utzi ditu tren zerbitzu guztiak arratsaldeko seietan, haize bolada handien eraginez bidaiarien segurtasuna bermatzerik ez duelako. Aldirietakoen kasuan bertan behera geratuko dira trenak, eta ahal bada, bidaia horiek errepidez egiten saiatuko dira baina ez dute horren bermerik ematen. Ibilbide luzekoei dagokienez, 18:00etan eten eta helmugarako bidea errepidez egingo dela agertu dute.

Jaurlaritzak, berriz, 20:00etatik aurrera ibiltzeko debekua ezarri die autobusei, zerbitzu publikoa ematen dutenei zein bestelakoei. Kamioiei Hego Euskal Herri guztian jarri diete ibiltzeko debekua. Merkataritza zentroei, berriz, 19:00etan ateak ixteko galdegin die Gasteizko Gobernuak. Oro har, etxetik ez ateratzeko deia berretsi dute agintariek. Funtsean, haize boladek orduko 150 kilometroko abiadura har dezaketela ohartarazi dute.

Ziklogenesi lehergarria da gaurko espero den fenomeno meteorologikoa. Jaurlaritzako krisi mahaia «egoera txarrenean» jarrita dago, eta hainbat aholku eman ditu. Hala, kirol jarduerak debekatzeaz gain, kalean egiten diren azokak eta halakoak bertan behera uzteko gomendioa egin du. «Arratsaldetik aurrera etxean egoteko eskatzen diegu herritarrei, futbola edo film bat ikusten», agertu zuen atzo Arroiabek. Gainera, Ertzaintzaren, Osakidetzaren, eta suhiltzaileen zerbitzuak indartu dituzte. Iberdrolarekin ere etengabeko harremanetan egongo dira, halakoetan ohikoak izaten baitira elektrizitate mozketak. Foru Aldundiek ere areagotu egin dituzte errepideak garbitzeko zerbitzuak. Gainera, obretako aldamio eta garabiak ikuskatuko dituzte.

Hiriburuetako neurriak

Aurreko urtean ziklogenesiak Donostian eragin zituen kalte handienetakoak. Pasealeku Berria eta hiriko parke nagusiak ixtea erabaki du Udalak. Gainera, gaur eta bihar mugatuta egongo da bidegorrien erabilera. Haizeaz gain, olatu handiak espero dira, eta prest dituzte ura ateratzeko makinak. Gainera, hondartzetara ez gerturatzeko gomendioa egin diete herritarrei. Edukiontzi eta aldamioak lotuta egongo dira

Gasteizen ere itxita egongo dira hiriko pasealeku eta eta parke nagusiak. Artiumek ere ateak itxiko ditu gaur eta bihar. Gainera, edukiontziak iraulita egongo direnez, ontziak eta kartoiak ez jaisteko eskatu diete herritarrei. Arazoren bat izanez gero, 092 edo 112 telefonoetara deitzeko gomendatu dute. Hain zuzen ere, atzo, adineko bat zauritu zen Gasteizen, haizeak botatako teila batek buruan jota. Bestalde, terrazak kentzeko eskatu diete ostalariei.

Eskari bera egin du Bilboko Udalak. 400 lagun prest izango dira, izan daitezkeen kalte eta gorabeherak konpontzeko. Hiriko gune altuetara ez joateko gomendatu dute, eta gainerako hiriburuetan bezala, bertan behera geratu dira kanpoko jarduerak, besteen artean, egunotako mauken azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.