Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du, «partzialki», 2007ko maiatzaren 25ean Espainiako Ministroen Kontseiluak onartutako goi tentsioko linea baten proiektua. Penagos (Espainia) eta Gueñes (Bizkaia) artekoa zen 2007an onartutako linea, baina ibilbidea moldatu beharko du Red Electrica de Españak, lineak ezingo baititu Triano eta Galdames mendiak orain arte bezala erdiz erdi zeharkatu.
Izate Ingurumen Taldeak aurkeztu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiaren aurkako helegitea. Proiektuak Triano eta Galdames mendien biotopo babestua zeharkatzen zuela salatu zuen, eta ez zituela betetzen Espainiako Ingurumen Ministerioak plazaratutako Ingurumen Eraginen Deklarazioak ezartzen dituen betebeharrak. Gainera, goi tentsioko lineak ingurumenean izan dezakeen eragina saihestea posible zela argudiatu zuen helegitean, besteak beste Eusko Jaurlaritzak bost alternatiba aurkeztu baitzituen proiektua era «iraunkorrago»batean aurrera eramateko.
Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenak REE behartu egingo du T-124 eta T-447 dorreen arteko ibilbidea aldatzera eta zati horretarako alternatiba bat bilatzera. Gainera, debekatu egin dio baliogabetzen den aukera berriz hautatzea.
Talde ekologistak ezagutarazi du ebazpena,eta balorazio positiboa egin du. Gogora ekarri du «epaiaren aurka errekurtsorik ezin dela jarri» eta beraz «berehala bete beharrekoa» dela. Hala ere, kezkatuta daude, «epaia saihesteko itxaropenez, REEk lanak bizkor ditzakeelako». Orain, taldearen xedea da legezko epeak igaro ondoren «eremu babestuetan eraiki den guztia eraistea».
REEk ez badio lanak egiteari uzten, Auzitegi Gorenari epaia gauzatzea eskatuko diola argitu du Izatek. Hala egingo balu, Espainiako argindar sarearen aurkako erantzukizun penala eta isun hertsatzaileak eskatuko lituzke.
Trianoko mendietan ezingo da goi tentsioko linea eraiki
Penagos-Gueñes linea eten du Espainiako Auzitegi Gorenak, Izate taldearen helegitea aintzat hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu