Euskal Herria

Trintxerpeko 48 familia etxetik kanpo gelditu dira urtezahar gauean, sute baten eraginez

Ikerketaren lehen hipotesien arabera, urtezaharrean jaurtitzen diren suziriek eragin zuten sutea.

urtzi urkizu
2014ko urtarrilaren 1a
18:33
Entzun

Lau etxebizitza bloke hutsarazi egin behar izan zituzten atzo gauean, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa), sute baten eraginez. Bi etxe erabat kiskalita gelditu ziren. Eta 48 familiak haien etxetik kanpo igaro behar izan zuten urteko lehen gaua. Hiru bizilagun erietxera eraman zituzten, kea arnastu zutelako —haien egoera ez da larria—. Ikerketaren lehen hipotesien arabera, urtezaharrean jaurtitzen diren suziriek eragin zuten sutea.

Herri berean, urteko azken egunean, beste sute bat izan zen 13:00ak aldera, eta lau pertsona zauritu ziren. Bi suteak Euskadi etorbidean gertatu ziren —eguerdiko suteak kalte gutxiago eragin zituen eraikinetan, eta bizilagun gehienak etxera itzuli ahal izan ziren iluntze parterako—.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gauerdiko sutea etorbidearen 5. zenbakian hasi zen, gero 7.era zabaldu zen, eta 9. eta 11. zenbakiko bizilagunak ere etxetik atera zituzten. 5. eta 7. zenbakiko etxeak eraisteko arriskua dute. Are gehiago, ingeniari eta arkitektoen talde teknikoen azterketaren ostean, bihar goizean jakinaraziko diete bizilagunei etxebizitza bloke horiek eraitsi behar dituzten ala ez. Halaber, bizilagunek etxean dituzten ondasun batzuk berreskuratzerik duten jakingo dute bihar —bizilagun batzuek etxean zuten guztia galdu dute—. Etxetik atera behar izan ziren pasaitar gehienak senideen eta lagunen etxeetara joan ziren lo egitera. Adineko pertsona batzuk, ordea, Trintxerpeko alkateordetzan DYAk paratutako aterpe inprobisatura eraman zituzten gaua pasa zezaten. Gaur, berriz, familia gehienei Oiartzungo hotel batean eman diete ostatu.
Suhiltzaileak eta Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria kaltetuekin bildu dira gaur, egoeraren nondik norakoak azaltzeko. Pasaiako Udalak, halaber, bulego bat zabalduko du bihar, suteak kaltetutako herritarren arretarako. Pasaiko Udaleko ordezkariez gain, Gipuzkoako Dipoutazioko gizarte zerbitzuetako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi Trintxerpen izan dira gaur.

Ez da Trintxerpekoa urtezaharreko suzirien erruz gertatutako ezbehar isolatua. Bilboko San Inazio auzoan, adibidez, bengala baten jaurtiketak auto bat erabat kiskalita utzi zuen atzo gauean. Bizkaiko hiriburuan bertan edukiontzi batzuk kalteak izan zituzten, mota guztietako suzirien eraginez. Erandion (Bizkaia) ere beste auto batek kalte handiak izan zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.