Etxetik aterarazi eta bi egunera sartu ahal izango dira berriro ere Trintxerpeko sutean kaltetutakoak. Atzo aztertu zuten etxebizitza blokeen egoera, eta kaltetuei euren ondasunen bila joateko aukera emango diete. Batzuk sartu dira jada, eta ari dira gauzak ateratzen. Txandaka ari dira sartzen, eta ordu erdi emango dute barruan gehienera.
Atzo ez zuten zehaztu etxeak eraitsi egin beharko ote dituzten, baina Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuak aurreratu zuen etxebizitza sozial batzuk jarriko dituztela kaltetutako bizilagunen esku. Amaitzear dauden etxeak dira; Pasai Antxoko Luzuriaga inguruan daude, adjudikatu gabe. Kaltetuek, ordea, ez dakite hilean zenbat ordaindu beharko duten etxe horiengatik. Erakundeetako ordezkariek esan dute kasu bakoitza aztertuko dutela.
Elkartasunak hartu du Trintxerpe sutearen ondotik. Azoka barnean, azaroaren amaieran dendatxo bat jarri zuten Tantaz Tantako kideek, euskal preso politikoen eskubideen alde ari direnek. Denda hori suteak kalte egindakoei laguntzeko gune bilakatu dute. Elkartasun gunea zabalik dago 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan, goizez.
Kontu korronte bat ere zabaldu dute kaltetuei laguntzeko. Eta hainbat herritar jaialdi bat antolatzen ari dira. Igande honetan, 11:00etan, arropa eta bestelako objektuak jasoko dituzte Azkueneko garbitegian.