Urtezahar gauean sortu zuen sute baten erruz, Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) bi etxebizitza erre egin ziren. 42 familia etxetik kanpo daude ordutik. Eta bizilagun horiei sei hilabetez etxebizitza sozialak doan utziko dizkie Eusko Jaurlaritzak. Etxe gehienak Donostiako Morlans auzoan daude. Udaleko ordezkariekin izandako bileran, ordea, kaltetuek gaur goizean adierazi dute Trintxerpen bertan nahi dituztela etxeak. Antxoko Luzuriagako etxeak ez dituzte ekain edo uztailera arte amaituko.
Bestalde, Euskadi etorbideko bosgarren zenbakiko etxebizitzaren fatxada mugitzen hasi da. "Segurtasuna bermatzen ez den bitartean, inor ezingo da etxera sartu", esan du Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak. Etxeak eraitsiko dituzten ala ez zalantzazkoa da oraindik, eta ez dago datarik hori noiz erabakiko den jakiteko. Udalak kanpoko beste bi txosten eskatu dituela argitu du Agirregabiriak: "Bizilagunei ahalik eta informazio gehien ematea da helburua, erabakiak hartzeko orduan laguntzeko". Izan ere, txosten teknikoen arabera erabaki beharko dute bizilagunek etxeekin zer egin.
Ertzaintzaren ikerketak aurrera jarraitzen du. Alkateak jakinarazi duenez, aste honetan bi lekuko izan dira deklaratzen. Eta Ertzaintzak ikerketekin aurrera jarraitzen du, sutea zerk eragin zuen argitzeko.