Euskal presoak

Troitiño eta Lerin deklaratzera eraman dituzte

Goioaga abokatuaren aurkako epaiketa astelehenean hasiko da, eta Hernaniko gazteen kontrakoa, asteartean

Erredakzioa
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Westminsterreko Auzitegian aurrera jarraitzen dute Antton Troitiñoren eta Ignacio Lerinen kontrako estradizio prozedurek. Epaiketak egin aurretik hainbat aldiz eramaten dituzte epailearen aurrera, deklaratzera, eta atzo ere eraman zituzten. Beren nortasuna baieztatzeko besterik ez zuten hartu hitza biek, Emma Arbuthnot epailearen aurrean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak haien kontra zabaldutako euroagindua tarteko atxilotu zituzten ekainaren 29an biak, Londresko Hounslow auzoan. Hilaren 21ean egingo dute Troitiño Espainiaratu edo ez erabakitzeko epaiketa, eta azaroaren 7an Lerini buruzko erabakia hartzekoa. Honekberriz deklaratuko du epailearen aurrean, urriaren 12an. Kasu honetan bideokonferentziaz egingo du. Parot doktrina aplikatu eta espetxean egin zituen 24 urteez gain beste sei urte betetzeko Espainiaratu nahi dute Troitiño, eta ETAko kide izatea egotzita epaitzeko, Lerin.

Epaiketak Madrilen

Horrez gain, euskal herritarren kontrako hiru epaiketa egingo dira datorren astean Madrilen. Astelehenean eta asteartean Iñaki Goioaga abokatua, Jorge Garcia eta Ana Paz epaituko dituzte, ETAko kide izatea egotzita.

Asteartean, berriz, Hernaniko hamar gazteren kontrako epaiketa hasiko da. Segi gazte erakundeko kide izateagatik «talde terroristako kide» izatea egozten die fiskalak. Bederatzi urteko zigorra eskatzen du haietako birentzat, eta zazpikoa gainerako zortzientzat. Defentsek absoluzioa eskatzen dute. Aurreikuspenen arabera, hilaren 28an amaituko da epaiketa, eta epaiaren zain geldituko da gero.

Epaiketa salatzeko manifestazioa egingo dute gaur Hernanin, 19:00etan abiatuta, Eleak mugimenduak antolatuta, epaiketa politikoen kontra eta eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Ostegunean eta ostiralean beste zazpi lagun epaituko dituzte Madrilen bertan, Auzitegi Nazionalean. 2009ko irailean Lekeition «kalte terroristak» egitea aurpegiratzen die fiskalak. Istilu handiak izan ziren Lekeition 2009ko jaietan. Lekukoek honako bertsio hau eman zioten BERRIAri: «Zapi batean zeraman ikurra kentzeko esan zioten gazte bati, eta hark ezetz. Atxilotu zuten, eta hortik etorri ziren gerokoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.