Troitiñorekiko «mendekua» salatu eta manifestaziora deitu du AAMk

Euskal preso ohia berriz espetxeratzeko aginduaren kontra manifestazioa egingo dute ostiralean, Donostian, 19:00etanEsandakoa erretiratzea galdegin diote Patxi Zabaletari, «hitz mingarriak» egin zituelako

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak, Troitiñoren senideak, preso ohiak eta presoen senitarteko eta lagunak, atzo. JON URBE /ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Antton Troitiño berriz espetxeratzeko agindua «erabaki politikoa» izan dela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, nahiz eta «ebazpen politiko moduan jantzi». Espainiako botere banaketa nolakoa den erakutsi du Troitiñoren kontrako erabakiak eta «botere judizialaren menpekotasun politikoa azaleratu du», haren arabera. Esanguratsua iruditu zaio AAMri Troitiño aske uztea erabaki zuen epaimahai berberak iritzia aldatzea egun gutxiren barruan: «Haien legeak aplikatu ondoren atera da Antton libre, baina legearen aplikazioak ez duenez bat egin borondate politikoarekin, berriz atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu dute». Interes politikoek ez ezik komunikabideek ere «ebazpen judizialak baldintzatzerainoko boterea» dutela salatu du AAMk.

Espainiako auzitegiek «mendekuz» jokatu dute Troitiñorekin; hala esan zuen AAMko kide Amaia Zurutuzak atzo Donostiako prentsaurrekoan. Harekin batera agertu ziren preso ohiaren alaba Marrubi Troitiño, Mattin Troitiño iloba, Aitor Soto preso ohia eta beste preso batzuen senitarteko eta lagunak. Hileko azken ostirala izango da bihar, eta, hilero bezala, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egingo dituzte herrietan eta auzoetan. Donostian, manifestaziora joateko deia egin dute. 19:00etan abiatuko da protesta, Biziarteko espetxe zigorrik ez! goiburuarekin.

«Euskal preso politikoen aurkako gorroto eta mendeku jarduerek» amaitu egin behar dutela azpimarratu dute prentsaurrekoan agertutakoek, eta Espainiari eskatu diote Gernikako Akordioan jasotzen diren oinarrietara «hurbiltzeko». Izan ere, Troitiñorekin gertatutakoa «Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarri duen jazarpen egoeraren erakusle bat gehiago» dela salatu du Zurutuzak. Euskaldunentzat «legedi berezia» eta «espetxe politika berezia» daudela salatu du, eta zehaztu «biziarteko zigorra dakarren doktrina» ere haiekin pentsatuta jarri zutela indarrean.

Irlandan prozesua abiatu eta bi urtera preso politikoak askatu egin zituztela eta Hegoafrikan zortzi urteren buruan utzi zituztela libre ekarri dute gogora. «Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoak» ere ondorio hori izan behar duela nabarmendu, eta euskal presoak kaleratzea «luze baino lehen» gertatu behar dela ohartarazi dute.

«Estatu terrorismoa bultzatu duten politikari eta poliziekin» bestelako jarrera izatea egotzi diote Espainiari. Haiek kalean libre daudela salatu dute: «Haientzat ez dago biziarteko zigorrik. Zigorgabetasun osoa dago, eta, zigortuak izan direnen kasuan, espetxe onurak, kondena luzeak labur bihurtzen dituztenak».

«Arinkeria larria»

Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletari ere mintzatu zaio AAM. Espainiako Auzitegi Nazionalak preso ohia berriz espetxeratzeko agindua eman zuenean, bere burua aurkezteko eskatu zion Zabaletak, «hala hau guztia zein irrigarria den agerian uzteko». Hitz horiek «benetan mingarriak» iruditu zaizkie AAMri eta Troitiñoren senitarteko eta lagunei. «Giza eskubide guztiak hainbeste aldiz aldarrikatu dituen batek gertatu dena ikusi eta horrelako arinkeriaz hitz egitea benetan larria dela uste dugu». Horregatik, eta haren hitzek «mina» ez ezik «haserrea» ere sortu dutela kontuan hartuta, esandakoa erretiratzeko eskatu diote Aralarreko koordinatzaileari.

Preso ohia berriz espetxeratuko balitz, «milaka kilometrora» eramango luketela iragarri du AAMk, gaixotuko balitz preso edukiko luketela eta «horrela erabakiko balute haren askatasuna behin eta berriz atzeratuko» luketela. Espetxealdi luzeek presoengan eragin psikologiko eta fisiko «konpondu ezinak» ekartzen dituztela ere salatu dute. Horrek guztiak bestelako kalteak ere badakartzala ekarri dute gogora, bere senitarteko eta lagunek «errepideen joan-etorrian bizia jokatzen» jarraitu beharko bailukete, hura preso egon den 24 urteetan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.