Espainiako Auzitegi Nazionalak Alberto Ortega espainiarra epaitu du gaur, Tuenti sare sozialean 2009an ETAk bi guardia zibilen aurka egin zuen atentatua goratu zuelakoan. Ana Noe fiskalak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Ortegarentzat, biktimak mespretxatu eta ETA goratzeagatik. Ortegak esan du mezuak ez zituela berak idatzi, eta edozein kasutan pribatuak zirela argudiatu du.
Atentatua 2009ko uztailaren 30ean burutu zuen ETAk, eta Carlos Saez de Tejada eta Diego Salva hil ziren. Alberto Asturias Dixebra goitizena erabiltzen zuen Ortegak eta beste erabiltzaile batekin (ezin izan dute hori identifikatu) izan zuen solasaldian esandakoengatik epaituko dute. "Kartzelara? Hobe hegan, Mallorcako pikolo-ek bezala", idatzi zuen ustez, beste batzuen artean, Ertzaintzaren aurkakoak horietako batzuk.
Tuenti Technologies sare sozialak berak salatu zuen Ortega, eta Fernando Andreu epaileak Internet zerbitzua eskaintzen duen hiru konpainiari, France Telecom, Vodafone eta Telefonicari, mezuak zer ordenagailutik idatzi ziren argitzeko IP zenbakia eskatu zien. Ortegak aitarenarengandik idatzi zuela uste du fiskalak; beste erabiltzailea nor izan zen, ordea, ez dute argitu.