Turismoa

Turismo ereduari buruzko eztabaida eskatu dute Donostian

Bizilagunekin plataformak deituta, ehunka lagun elkartu dira Donostian, egungo turismo eredua salatzeko. "Turistifikazioak" prekarizazioa eta auzo bizitzaren heriotza dakarrela ohartarazi dute.

Bizilagunekin plataformak gaurko deitutako manifestazioa, Grosetik Alde Zaharrerako bidean. FOKU
2018ko maiatzaren 25a
09:48
Entzun

Bizitza da Handienak Donostian antolatu duen protesta astearen testuinguruan, erakundeetatik bultzatzen ari den turismo eredua salatzeko manifestazioa egin dute gaur Donostian, Bizilagunekin plataformak deituta.

Turismoari buruzko "benetako eztabaida" irekitzea eskatu dute, eta egungo turismo moldearen aurka daudenak ez kriminalizatzeko galdegin diete agintariei. Ohartarazi dutenez, gizartean eztabaidarik sustatu gabe ari da ezartzen "turistifikazio" eredua. Deitzaileek adierazi dutenez, donostiarrek ez dute sinesten turismoak dakarren guztia ona denik.

Manifestazioa Saguesetik irten da, Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu goiburuean, musikak lagunduta. Karteletan, "turismoak auzoa hiltzen du",  "turismoak prekaritatera kondenatzen gaitu" eta "turismoak gure merkataritza suntsitzen du" mezuak irakur zitezkeen.

Bizilagunekin plataformaren deialdiarekin bat egin dute hainbat eragilek. Horien artean, Donostiako metroaren proiektua geldiarazteko Satorralaia bizilagun elkartea, Hotel + Ez kolektiboa eta Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.

Gros auzotik Alde Zaharrerako bidea egin du manifestazioak, Bulebarrean barrena.

Santa Maria elizaren parean, hotela bihurtzekoa den eraikinean, hotel gehiago irekitzearen kontrako pankarta zabaldu dute.

Alde Zaharretik itzulia egin ostean, Bulebarrean amaitu da manifestazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.