TURISMOA . Iazko ekainean baino bisitari gehiago izan dira EAEn

iazko datuen aldean, aurten %8 emendatu da udatiar kopurua landetxeetan nahiz hoteletan

Erredakzioa
2003ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turismo etxeetan %8 emendatu da bisitari kopurua iazko ekaineko datuekin alderatuz;153.569 bisitari izan dira aurten.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo eman zituen datuek argi uzten dute Prestige ontziaren hondoratzeak eta hark sortutako marea beltzak ez dutela eragin nabarmenik izan uda hasiera honetako bisitari kopuruan. Bizkai eta Gipuzkoako kostaldean, iazko bisitari kopuru bera izan da aurten ere.

Araban bildutako emaitzak ez dira hain onak. Probintzia honetan %7an apaldu da bisitari kopurua. Beherakada are nabariagoa da Gasteiztik kanpo dauden ostalaritza etxeetan; iaz baino %14 udatiar gutxiago. Bizkaian eta Gipuzkoan alderantzizko joera azaltzen da. Barnealdera jo duten bidaiariak izugarri ugaritu dira; iazko ekainean baino %31 gehiago izan dira.>

Espainiakoak gehienak

Joan zen urtean baino gutxiago izan badira ere, aurtengo ekainean EAEn ostatu hartu duten udatiarren %81,7 atzerritarrak dira. Espainiarrak dira ugarienak, %51. Horietarik gehienak Madril eta Kataluniatik datoz. Gipuzkoan, adibidez, %25 hazi da bisitari espainiarren kopurua. Askoz atzerago datoz britainiarrak eta frantsesak. Aurten izan ditugun bisitarien %3 besterik ordezkatzen ez badute ere, udatiar alemanen kopurua etengabe hazten ari da.

Era berean, azpimarragarria da iaz baino estatubatuar eta nederlandar gutxiagok bisitatu gaituztela. Hego Ameriketatik ere joan zen urtean baino udatiar gutxiago etorri da Euskal Herrira.

Atzerritarren presentzia iaz baino apalagoa izan da, landetxeetan batez ere. Bizkaikoetan, esaterako, %14 apaldu da.

Barne turismoak bisitari guztien %18 biltzen du, eta handituz doan portzentaia da. Hala ere, datu horrek ez ditu Lapurditik, Zuberoatik eta Nafarroa Beheretik datozenak kontuan hartzen, turista frantsesen multzoan sartzen baititu Eustatek.

Egonaldiaren iraupenari dagokionean, landetxea eta hotela aukeratzen dutenen arteko ezberdintasuna aipagarria da. Lehen ostatua hautatzen dutenek 2,29 eguneko egonaldia egiten dute batez beste. Hotelean ostatu hartzen dutenak, aldiz, 1,79 egun egon ohi dira. Bi datuak joan zen urtekoak baino apalagoak dira, dena den.

Uda hasiera honetan, betetze maila nabarmen apaldu da Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, aldiz, %12 handitu da iazko ekaineko datuekin alderatuta. >

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.