Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezek argi du aurtengo turismo denboraldia nolakoa izaten ari den: «Krisia eragiten ari da, baina leku guztietan, Kantauri itsasoko ertz guztian, Mediterraneoan... Ez hemen bakarrik». Herrialdearen eta zerbitzuaren arabera eragin ezberdina izaten ari da, nonbait, atzeraldi ekonomikoa. Bilbao Turismoko zuzendari Marcos Murok aurtengo jarduna aurreko urteen antzera doala uste du, esate baterako.
Badirudi krisiaren eragina esanguratsuagoa dela bertako herritarrengan Europatik datozenengan baino. Aurten oporretarako landa turismoko etxeak edo kanpinak aukeratu ditu euskal herritar askok, baina Euskal Herrira datozen turisten ohiturak ez dira, oraingoz, askorik aldatu, sektoreko langileen ustez.
Nekaturreko arduradun tekniko Idoia Ezkurdiak dioenez, iazko urtearekin alderatuz, landa turismoko etxeak askoz gutxiago bete dira eta erreserbak nabarmen jaitsi dira uztailean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa turismoko etxeak elkartzen dira Nekaturren. «Ikusten dugu jaitsiera orokor bat izan dela, eta esan genezake ekonomiak eragin duela», dio Ezkurdiak. «Jendeak prezioaz gehiago galdetzen du beste urte batzuetan baino». Egonaldiak murriztu egin direla ere nabaritu dute Nekaturreko langileek.
Aurten inoiz baino euskaldun gehiagoren deiak jasotzen ari direla esan du Ezkurdiak. «Euskaldunak, normalean, beste urte garai batzuetan etortzen dira eta asteburuko egonaldiak egiten dituzte». Udan Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etortzen dira landa etxeetara, batik bat, baina aurten bisitari horien kopurua zerbait jaitsi da eta, aldiz, beste herrialde batzuetako bisitarien kopurua igo egin da.
Zarauzko (Gipuzkoa) Talai Mendi kanpinean, ordea, gustura daude. Bertan lan egiten du Miriam Eizagirrek. «Garai batean familia osoak etortzen ziren hona, igual bi hilabeterako, baina hori dena aldatua dago ja», esan du. Aurten uztailean jende gehiago ibili dela nabaritu dute, baita abuztuan ere. «Agian tabernan nabaritzen da jende gutxiago dabilela, baina hori aspalditik dator».
Berez, 850 bat lagun sartzen dira kanpin lekuan eta ia 800 lagun daude orain bertan. «Beteta daukagu», dio Eizagirrek; «goizean leku batzuk husten dira eta arratsalderako denak bete dira». Aldaketa handirik ez dute izan bisitarien jatorriari dagokionez: «Baina aurten herbeheretarrak etorri dira pila bat, gazte asko, denak surf egitera».
«Joerak» aldatzen
Christianne Bonnat Pirinio Atlantikoetako Turismo Agentziako arduradunari ez zaio gustatzen krisi hitza. Turismoa urte osora hedatu delako uste du dabilela udan orain turista gutxiago. «Argi da zailtasunak badirela; askorentzat zaila da. Jendeak desberdinki kontsumitzen du orain». Ez dauzka oraino aurtengo datuak eta estatistikak, baina uztailean Ipar Euskal Herrian ohi baino turista gutxiago ibili dela dio. Horrek ez du hainbeste kezkatzen. «Ematen du jende gutxiago badela, baina udan gutxiago gastatzen dutenak beharbada udaberrian etorri ziren». Hori aldatu dela uste du. «Joerak aldatu dira; jendea urte osoan joaten da oporretara, azken unean erabakitzen du, hautuak eguraldiaren arabera egiten ditu».
Abuztuan turista anitz badabilela gehitu du Bonnatek. «Ez da erraza lo egiteko tokia aurkitzea abuztu bukaerarako, jende asko baitago». Horrez gain, opor garaian diru gutxiago gastatzen dela uste du. Familien ohiturak aldatu direla dio. «Jendeak kasu ematen du zenbat gastatzen duen. Hori denetan ikusten da». Donostia Turismoko zuzendari Manu Narvaezek ere iritzi bera du: «Nabaritzen ari dena batez besteko gastuaren jaitsiera da», bisitari bakoitzak zenbat diru gastatzen duen, alegia.
Sektore turistikoaren barruan kaltetuenak taberna eta jatetxeak dira. Iruñean, esaterako, ostalariak beldur dira, udako sasoia ez delako espero zuten bezala joan eta okerrena irailetik aurrera etor daitekeela uste dutelako. Jaiak amaitzerako nabaritzen hasi ziren beherakada. Bizkaiko ostalarien elkargoko kideak ere jaien esperoan daude, asteburu honetatik aurrera egoera emendatuko delakoan. Kezkatuta daude Donostiako hoteletako arduradunak. Gipuzkoako hiriburuko jaiak hastear zeudela, hotelak bete gabe zeuden eta aspaldiko betetze maila kaskarrenak zeuzkaten, gehienek datu zehatzak eman nahi ez badituzte ere.
Euskal Herria bisitatzen duten turisten kopuruak eta haiek egindako gastuak ekainean eta uztailean behera egin badu ere, zenbait sektoretan ez da nabaritu alde handirik aurreko urteekin. Bilboko Guggenheim museoko komunikazio arduradun Marta Meororen esanetan, «museoak bisita gehien abuztuan izaten du», baina oraingoz, ekainean eta uztailean, ez dute «alde handirik» nabaritu aurreko urteekin. 110.000 lagun pasa dira museotik uztailean eta, aurreko urteko uztailarekin alderatuz, bisitari kopurua %5 jaitsi bada ere, ekainean iaz baino bisitari gehixeago izan zituztela eta, hortaz, «orekatu egin da», Meororen esanetan.
«Bilbo munduko zirkuitu turistikoan sartu du Guggenheimek», Meororen ustez. Baina beste instituzio askori ere mesede egin diela uste du: «Bilboko Arte Eder museoko bisitak igo dira, Artium zabaldu zen, Txillida Leku... Eta Bilboren hirigintza berreskurapenean lagundu zuen».
«Erosteko ahalmen handia duen jendearekin» lan egiten du Green Services Incoming enpresak, Hego Euskal Herrira datozen bidaiarientzako planak antolatzen eta zerbitzuak eskainiz. Bertako langile Mariana Arizmendik ez du batere alderik nabaritu hilabeteotan aurreko urteekin. Dolarraren aldean euroak duen balioak turista estatubatuarren bisitak murriztu dituen galdetuta, aurten gehiago izan dituela erantzun du Arizmendik. «Estafeta kalean dauzkagun balkoi batzuk alokatzen ditugu sanferminetan, eta aurten estatubatuar andana izan dugu».