Turista txertatuei ateak ireki dizkie Europako Batasunak

Txertoaren pauta bukatuta izan beharko dute turistek, gutxienez bidaia baino hamalau egun aurretik, eta EMAk onartutako txertoren bat jarrita. Estatukideetako gobernuek neurria onartzea falta da. 

Bidaiari batzuk aireportura heldu berri. CATI CLADERA/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 19a
13:27
Entzun

EB Europako Batasunetik kanpoko turistak 27 estatuetan sartu ahalko dira, txertaketa prozesua betea badute. Horixe erabaki berri dute EB osatzen duten 27 estatuetako enbaxadoreek, turismo denboraldia hastear, jona-etorriak errazteko asmoz. Neurria oraindik estatukideen gobernuek onartu behar dute, eta behin betiko erabakia datozen egunetan jakinaraztea espero dute.

Neurriak leuntzearen aldeko hautua egin dute estatukideetako enbaxadoreek. Txertaketa orokortuz doan heinean, hori batasuneko sarrerak baimentzen dituen irizpidetzat jartzea erabaki dute. Hala ere, neurria ez da edozein herrialdetako turistei begirakoa: turistei jarritako txertoek EBn jartzen diren botika etxe berekoak izan beharko dute, EMA Sendagaien Europako Agentziak onartutakoak. AEBak eta Erresuma Batua daude txerto horiek jartzen dituzten eta EBkoak ez diren herrialdeen artean.

Immunitate pasaporteen eztabaida betean heldu da EBk onartu duen neurria. Izan ere, batasunak oraindik zehazteke ditu kanpoko bidaiariei eskatuko dizkien baldintzak, estatu kideetan sartu nahi badute. Zenbaitek proposatu dute txertatuta egoteak berrogeialdia egitea ordezkatu dezakeela. Oraindik ez dago adostasunik, ordea, maiatzaren bukaerarako akordioa izatea espero badute ere: uda hasieraren aurretik neurriak ezarri ahal izateko. Irizpideak zehaztu artean, estatu bakoitzak du horiek ezartzeko eskumena, estatuetako mugen kontrola baitute gobernuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.