Tutera bai, Medikuntza ez

NUP handituz joan da: 2002an Tuterako campusa jarri zen abian; Medikuntza ikasketen alde ere egin du, baina gobernuak ez du proiektuarekin bat egin.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zuhaitzak hainbat adar eman ditu martxan jarri zenetik. Iruñean, Arrosadikoa du campus nagusia, baina ez bakarra. Osasun arloko ikasketen eraikinak osatzen du Nafarroako hiriburuan NUPek duen egoitza. Tuteran ere campusa badu unibertsitateak. Hango agintariek NUP sortu zuten une beretik eskatu zuten Erriberarako egoitza propioa, baina 2002. urtera arte ez zuten bide horretan urratsik egin. Urte horretan, Nafarroako Parlamentuak NUP sortzeko legea aldatu zuen, Tuterako campusa abiatzeko.

Nafarroako Parlamentuak aho batez erabaki zuen Tuterako campusaren alde egitea. NUPen, ordea, gauzak ez zeuden hain argi. Iruñetik 80 kilometrora bertze campus bat martxan jartzeko proiektuak zalantza ugari sortu zuen unibertsitateko agintarien artean, baina, Nafarroako Parlamentuak oniritzia eman eta gero, aurrera egin behar izan zuten.

2004an jarri zituzten martxan Tuteran aurreneko ikasketak: Nekazaritza Elikagaien Enpresetako Goi Zuzendaritzako masterra. 2005ean Kalitatean Aditua titulua ematen hasi zen NUP Tuteran, eta 2006an, berriz, Fisioterapiako eta Industria Ingeniaritza Tekniko Mekanikoko ikasketak. Campusa, hala ere, geroago hasi ziren eraikitzen. 2007an jarri zuten lehendabiziko harria, eta 2008-2009ko ikasturtean estreinatu zuten ikasleek.

Medikuntza fakultatea

Azken garaian, Medikuntza ikasketak eskaintzeko aukerak sortu du eztabaida NUPeko eta Nafarroako Gobernuko kideen artean. Nafarroako Gobernua, orain arte, proiektu horren kontra agertu da, argi eta garbi. NUPek, berriz, haren alde egin du. 2010-2011ko ikasturtearen hasiera ekitaldian, Julio Lafuente errektoreak erran zuen Nafarroako gizarteak Medikuntza fakultatea «behar» duela NUPen.

Azken hilabeteotako murrizketek alde batera utzi dute, neurri handi batean, Medikuntzako ikasketei buruzko auzia. Bigarren maila batean gelditu da. Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, egungo krisi ekonomikoa aipatu izan du NUPen Medikuntza ez jartzeko arrazoitzat. Arrazoi hori aitzakia dela uste duenik ere bada, eta Nafarroako Unibertsitatea ikusten du ezezkoaren atzean. Miguel Sanzek berak erran zuen, Nafarroako Gobernuko presidente zenean, Medikuntza fakultate berririk ez dela behar, Nafarroan Klinika Unibertsitarioa dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.