Tuterako (Nafarroa) herriko taberna-ri berriz eraso egin diotela salatu du gaur AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
"Nafarroako Erriberan azken garaietan egiten ari diren eraso faxistek euskal kultura eta mugimendu abertzalea kriminalizatu eta oztopatu nahi dituzte", AAMk salatu duenez.
Honen esanetan, Nafarroako Erriberan "ohikoak" dira horrelako "ekintza faxistak", eta kexu azaldu da halako erasoek ez dutela inoiz komunikabideen arreta deitzen, "ezta albistetan ateratzen ere".
"Herriko Tabernaren aurkako ekintza hau Lazkaon [Gipuzkoa] gertatutakoaren ondoren gertatu da, eta ezin dugu ahaztu Lazkaoko eraso haren ondoren politikari eta komunikabideek egin zituzten adierazpenak horrelako jarduerak babesten. Beraz, eraso berri hau babes giro horretan kokatzen dugu, ezker abertzalearen aurka dena zilegi dela dioen giro horretan. Inpunitate guziarekin jokatzen dute horrelako ekintzak burutzen dituzten pertsonek", dio AAMk zabaldutako oharrak.
Lazkaoko herrikoan mailukadaka sartu, eta hura txikitu zuen PSE-EEko zinegotzi ohi baten semeak, otsaila bukaeran. Bezperan ETAk PSE-EEren hango egoitzan, Herriko Etxea-n bonba leherrarazita kalte material handiak eragin zituen egoitzan. Inguruko etxebizitzetan ere kalteak izan ziren, tartean gero erasoa burutu zuen gaztearenean.
Horiek hala, Tuterakoa eta gisako "eraso horiek guziak salatzeko deia" egin dute AAMko ordezkariek. "Horrelako jokabideak ezin dira izkutuan geratu, askotan gertatzen den bezala".
'Herriko taberna'-ren atarian jarritako lehergailuaren irudia ikusteko: Gaztesarea.
Erasoa
Tuterako 'herriko taberna'-ri berriz eraso egin diotela salatu du AAMk
Etxean eginiko lehergailu bat jarri dute ostatuaren atean, baina eztanda egin beharrean soilik erre egin da lehergailua. Hala, oso kalte material txikiak izan dira. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, "Nafarroako Erriberan azken garaietan egiten ari diren eraso faxistek euskal kultura eta mugimendu abertzalea kriminalizatu eta oztopatu" nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu