Espainiako Poliziak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen iragan astean Tuteran otsailean Valladoliden (Espainia) emakume bat hiltzea leporatuta. Gaur eman dute atxiloketaren berri. Gizonarekin batera emakume bat ere atxilotu zuten, oraingo haren bikotekidea, gizona babestea leporatuta.
Hildako emakumearen gorpua otsailaren 21ean aurkitu zuten, ostatu bateko logela batean. Albiste agentziek azaldu dutenez, hilabete bat lehenago gizon batek eta hark hilabete baterako hartu zuten han ostatu. Egun batzuetan euren berririk ez zuela eta, ostatuaren jabea logelan sartu zen otsailaren 21ean, eta 41 urteko emakumea hilik aurkitu zuen.
Espainiako Poliziak egin zuen ikerketaren arabera, emakumea hil egin zuten, eta gizonaren bila hasi zen. Ikerketari esker jakin ahal izan zuten otsailaren 4ean joan zela Valladolidetik, eta harrezkero Espainia iparraldean eta Euskal Herrian izan dela, tarteka sakelako telefonoz aldatzen. Ihesaldiaren azken egunetan, albiste agentzien arabera, zehazki Gasteizen, Iruñean eta Tuteran izan zen, atxilotu zuten arte.
Valladolideko epaile baten aurrean deklaratu ondoren, espetxeratu egin zuten gizona. Haren egungo bikotekideak ere deklaratu zuen, eta aurreko bi hilabeteetan gizonari babesa ematea leporatu diote. Karguekin utzi zuten aske.