Politika

Txabarrik EAJko auzitegira eraman du Egibar

Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiari alderdia uzteko eskatu dio herrialdeko EAJko batzarrak, Jauregiren auzia dela-eta.

2008ko maiatzaren 13a
10:48
Entzun
Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusi ohiak EAJko auzitegi nazionalean Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) lehendakariaren kontrako salaketa sartu zuen joan den ostiralean, gaur El Pais egunkariak jakinarazi duenez. Hain zuzen, Jon Jauregiren auzia dela-eta Txabarriri alderdia uzteko eskatu zion apirilaren 11n Gipuzkoako EAJko Lurralde Batzarrak, auzian hartan "alderdiaren aurka aritu zelako".

Eskaera bera egin zuen, arrazoi berberengatik, Txabarriren agindupean Foru Ogasuneko arduradun nagusi izan ziren beste hiru alderdikideri ere: Juan Jose Mujika Fiskalitaterako eta Finantzetarako diputatu ohiari, Olatz Imaz Zerga Politikako zuzendari nagusi ohiari eta Iñaki Rica Ogasuneko zuzendari nagusi ohiari. Lau horiek sartu dute Egibarren kontrako salaketa.

Gipuzkoako EAJko Lurralde Batzarrak apirilaren 11n Jauregiren auziari buruz Datuak Babesteko Euskal Agentziak plazaratutako ebazpena aztertzeko bilera egin zuen. Agentziaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldunditik atera ziren Jauregiren zerga egoerari buruzko datuak, hau Gipuzkoako diputatu nagusigai izendatu zuenean EAJk.

Gipuzkoako EAJren arabera, "Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen arau hauste larriaren" erantzule zuzenak Txabarri, Mujika, Rica eta Imaz direla egiaztatu du Agentziak, eta horregatik eskatu die alderdia uzteko. "Egin zuten Jon Jauregiren aurka. Egin zuten EAJren aurka. Egin zuten Foru erakundeen aurka. Egin zuten etika beraren aurka. Egin zuten... orokorrean, balore demokratikoen aurka". Gipuzkoako EAJren ustez, "ez dute merezi ez EAJn egotea, ez eta politikan egotea ere".

Pasaiako (Gipuzkoa) Portuko presidentea da gaur egun Txabarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.