Gasteizko Txagorritxu ospitalean hiru immigranteri kobratu egin nahi izan dietela salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Haien arabera, hiru etorkin horietako bat hardun dago. Osakidetzaren jarrera salatu dute. Arantxa Armentia ESK-ko ordezkariak jakinarazi du agindu bat zabaldu zutela abuztuan Txagorritxun, txartelik gabe joaten zirenei agiri bat sinarazteko. "Gastuen kargu egingo zirela sinatzeko eskatu zieten", azaldu du. Hiru lagunen kasua baieztatu ahal izan dute sindikatuek, nahiz eta uste duten gehiago ere badirela. Hiru horietatik bi ospitaletik bota zituzten ez zutelako papera sinatu. Salaketak egin dituzte sindikatuek, eta agindua bertan behera utzi dute Txagorritxun. "Baina kezkatuta gaude zabaltzen ari den giroarekin".
Hain zuzen ere, gaur eguerdian agerraldia egin du Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, osasun arreta bermatzeko dekretua baliogabe utzi izanaren aurka auzitara joko dutela iragartzeko. Bengoak ez du ukatu Txagorritxun hiru etorkini dirua eskatu dietela; haren arabera, litekeena da arreta jasotzeko baldintzak ez betetzea. "Sindikatu horiek hauteskunde kanpainan daude", erantzun du gaiari buruz galdetuta.
Hilabete amaiera baino lehen joko du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera. Espainiako Gobernuak salaketa jarrita, auzitegiak behin-behinean bertan behera utzi zuen berrordainketa saihesteko eta etorkinen osasun arreta bermatzeko Jaurlaritzak egindako dekretua. Hiru oinarri hartuko ditu Jaurlaritzak helegitean:
1. Eskumenak: Jaurlaritzak argudiatu du Espainiaren legeak garatzeko eskumena badaukala. "Osasun arreta zabaldu egiten du dekretuak erkidegoaren beraren baliabideak erabiliz", adierazi du Idoia Mendia eledunak.
2. Berdintasuna: Espainiako Konstituzioak agindutako berdintasuna ez du urratzen osasun arreta EAEn zabaltzeak, Jaurlaritzaren ustez. "Legeak ez digu eragozten [Espainiako] osasun sistema nazionala hemen hobetzea". Osasun Sailak dio "ohikoa" izan dela hori lehen ere. Hortzak zaintzeko planaren adibidea jarri du Bengoa sailburuak: Espainian horrelakorik ez zenean ere, haginlaria jarria zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
3. Bideragarritasun ekonomikoa: etorkinei osasun arreta emanda eta berrordainketa ez ezarrita ere, Jaurlaritzak bete egingo du defizit muga, Bengoaren hitzetan. "Beteko dugu, eta nola egin gure kontua da". Argudiatu du bertakoen aldean etorkinek gutxi erabiltzen dituztela erietxeak eta haiek arretatik kanpo uzteak gastu gehiago lekarkeela: "Larrialdietan amaituko lukete, eta horrek gastu gehiago dakar".
Immigranteek izango dute osasun arreta, baina Bengoak jakinarazi du baldintza batzuk bete beharko dituztela. Hiru dira orokorrak: gutxienez urtebetez egotea erroldan, osasun arreta pagatzeko baliabiderik ez dutela frogatzea eta aseguru pribaturik ez izatea. Hiru baldintza horiek betetzen dituztenei txartel bat emango diete. Erroldan urtebete baino gutxiago baina hiru hilabete baino gehiago daramatzatenei beste txartel bat emango diete; haiek ziurtagiri bat egin beharko dute, "lanerako borondatea" dutela adieraziz. Erroldan hiru hilabete baino gutxiago daramatenak, berriz, ohiko arretaz kanpo utziko dituzte: "turista gisa" hartuko dituzte, eta, beraz, larrialdietan soilik izango dute arreta. Bengoak esan du Txagorritxun salatutako hiru kasu horietan litekeena dela baldintzaren bat ez bete izana; kasu horretan, kobratu egingo dute.
Auzitegi Konstituzionalak bost hilabete ditu Jaurlaritzaren dekretuarekin zer egin erabakitzeko. Bitartean "behin-behineko sistema bat" jarri dute abian Osakidetzan. "Orain arte bezala" jokatuko dute; erroldan egotea eta baliabide ekonomikorik ez izatea eskatuko dute.