Zatituta ospatzen ari dira alarde eguna Hondarribian (Gipuzkoa). Jaizkibel konpainia 08:25 baino lehenxeago abiatu da, txalo artean. Bidean, plastiko beltzak topatu dituzte, Kale Nagusian. Jende gazte ugari bildu da plastikoen atzean. Ertzaintzak alderik alde zaindu du Kale Nagusia —udaletxeko arkupeetan izan da Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria bera—.
Jaizkibel konpainiaren aurkakoek oihurik ez egitea erabaki dute aurten. Oihu batzuk izan dira talde parekidea Kale Nagusira sartzen hasi denean, baina alarde parekidearen aurkakoek eurek agindu diete isiltzeko oihuka ari ziren neska gazteei. Tentsio une batzuk izan dira, hala ere. Izaskun Larruskain konpainiako kapitainak salatu du bera jotzen saiatu direla.
Bideoa: Jaizkibel konpainiaren desfilea.
[youtube]http://youtu.be/eILDqgWZ4ro[/youtube]
Ertzaintzak ebazpen bat kaleratu du bi desfileak arautzeko: Jaizkibel konpainiari eskatu dio ez jartzeko manifestazio hasieretako kartelik, eta ez eramateko tartean alardeko jantziarekin ez zegoen pertsonarik; erabat bete du eskari hori konpainia parekideak. Alarde parekidearen aurkakoei eskatu zien ez jartzeko plastiko beltzik eta horrelakorik; aurten ere muzin egin diote Ertzaintzaren eskariari.
Irainak eta oihuak jasan dituzte kazetariek ere; argazkiak ateratzea galarazten saiatu dira batzuk.
Inoiz baino kide gehiago izan ditu Jaizkibelek, astelehena izan dela kontuan hartuta, gainera: 380. Iaz 350 lagun izan ziren —igandea izan zen—. Goizean goizetik hasi da Jaizkibel konpainiako jendea elkartzen. Larruskain kapitaina gidari zutela, Malen Alkain kantineraren etxera joan dira lehenik, haren bila.
Gutuna agintariei
Jaizkibel konpainia parekidea babesten izan dira Gipuzkoako Diputazioa, Emakunde eta EAEko Arartekoa. Hondarribiko Emakumeak izeneko taldeak gutun bana eman die hiru erakunde horietako ordezkariei. Eskutitzean, nabarmendu dute ez dela baztertzailea emakumeak kantineratarako soilik onartzen dituen alardea. Jaizkibel konpainiaren aurka protesta egiteko eskubidea dutela ohartarazi dute, eta hori errespetatzeko eskatu dute.
Aldundia, Emakunde eta Arartekoa bai, baina udala ez da joan Jaizkibel konpainiari harrera egitera. Hari begira jarri dira hiru erakundeetako ordezkariak; pausoak emateko eskatu diote alkateari.
Zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk, Garikoitz Goikoetxea eta Arantxa Iraola kazetarien eskutik eta #AlardeParekidea traolaren bidez.
Ezinikusia agertzen duten kartelen aurrean, emakumeen parte hartzeak sortutako gatazkaren aurrean, udalak ez ikusia egiten duela salatu dute Jaizkibelek eta hainbat erakundek. Isiltasuna hautsi du aurten udalak, eta alarde baztertzailearen aldera lerratu da. EH Bilduk atera zuen gaia, udalbatzara proposamen bat eramanez: plastikoak kentzeko eskatzea eta udalak Jaizkibeli harrera egitea. Ez zuten hori onartu gainerako taldeek, eta beste testu bat egin zuten EAJk, PPk eta Hamaikabatek: orduak aldatzeko eskatu zioten alarde parekideari, baztertzailearen atzetik joateko. Alarde tradizionala goraipatu egin zuten.
Aitor Kerejeta alkateari (EAJ) elkarrizketa bat eskatu dio BERRIAk, gatazka horri buruz hitz egiteko, eta uko egin dio, "isiltasun zuhurra" izan nahi duela argudiatuta.
Gatazka bideratzeko ahaleginak egin dituzte, baina alkateak muzin egin dio haietan parte hartzeari. Gipuzkoako Diputazioak, Arartekoak eta Jaurlaritzak —Emakunderen bidez— osatua dute mahai bat. Ertzaintzaren iazko ebazpenean nabari ziren keinu eskariak —aurten ere agiri bera kaleratu du—: Jaizkibeli eskatu zion ez eramateko manifestazioko kartelik —bete zuen iaz, eta aurten ere bete du—, eta alarde baztertzailearen aldekoei, ez eramateko plastikorik —ez zuten bete, eta aurten ere ez—. Hori ikusirik, Jaizkibelek azaldu zuen espero zuela alkatearen keinuren bat, baina ez zen izan.
Alderdien barruan kontrakotasun handiak sortu ditu alardearen auziak. EAJ dago agintean Hondarribian: alkateak ez dio harrera egiten Jaizkibeli, eta jarrera aldatzeko eskatu dio, nahiz eta, aldi berean, hura babesten ari den Emakunde —Jaurlaritzaren mendeko da—. Tartean agertu da Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua aurten, Alarde fundazioak antolatutako ekitaldi batera joanda —Hondarribian bizi da—. EH Bilduk ere ez ditu urak bare: Hondarribiko bost zinegotzietatik lauk dimisioa eman zuten iaz, haietako bat alarde baztertzailean irten eta koaliziotik bota zutelako. PSEn ere badira desadostasunak: Irungo alkatetzan dago, ez dio harrera egiten alarde mistoari, baina PSEko gazteen saria jaso du aurten alarde horrek —Idoia Mendia han zelarik—.