Gune urdina jarri nahi dute Iruñeko Txantrea auzoan; marrak laranjaz eta horiz margotuta daude dagoeneko, eta herritarrek irailaren 1ean hasi beharko dute aparkatzeagatik ordaintzen. Udalaren erabakiak hautsak harrotu ditu, eta hainbat herritar gune urdina ezartzearen kontra mobilizatu dira.
Duela hilabete batzuk, esaterako, TX auzo ekimena sortu zuten, besteak beste, erabakia «interesdunak kontuan hartu gabe, behar bezala informatu gabe eta erabakian parte hartzen utzi gabe» hartutako «inposizio» bat dela salatzeko. Izan ere, Txantreako egoiliarrek, merkatariek eta ostalariek adierazi dutenez, auzoan ez dute aparkatzeko arazorik.
Plataformak hainbat egitasmo eta mobilizazio bultzatu ditu dagoeneko. Auzoko hainbat kolektibotako ordezkariek, adibidez, 4.389 sinadura bildu dituzte, udalari «prozesu parte hartzaile bat» eskatzeko. Arartekoarengana ere jo dute, eta, TX ekimenak atzo jakinarazi zuenez, Nafarroako Arartekoak arrazoia eman die auzoko bizilagunei. Navarra Sumari proposatu dio «bizilagunekin informazio eta partaidetza prozesu bat» abian jartzea, «interesdun guztiek beren kezkak, oharrak, alegazioak edota alternatibak adierazteko aukera» izan dezaten.
Maia, bere erabakiari so
Hala ere, Enrique Maia Iruñeko alkateak adierazi du ez duela atzerapausorik emango: «Nik errespetu handia diot Arartekoari, baina guk irizpide teknikoen arabera jokatu behar dugu». Gaineratu du Txantrea «autoak erakartzen dituen auzo» bihurtuko litzatekeela, eta, beraz, «infernu» bilakatuko litzatekeela.
Aparkaleku mugatuaren kontra beste zenbait protesta egin dituzte. Bart, esaterako, laranjaz eta horiz margotuta zeuden marrak kolore gehiagoz margotu ditu norbaitek. Horrez gain, gaur arratsaldean, 20:00etan, manifestazioa egingo dute Sabicas plazatik abiatuta, «Stop gune urdina» lelopean. TX auzo ekimenak adierazi duenez, protesta «jendetsua» izango da.