Tortura

Txapartegiren estradizioaren aurka mobilizatzera deitu dute

Nekane Libre plataformako, Bilgune Feministako, Askapenako, Eleak mugimenduko, 18/98 auziko eta Sortuko kideak bildu dira: "Txapartegirena oinarrizko eskubideen urraketa sistematiko baten kronika izugarria da".

Txapartegiren aldeko agerraldia, gaur, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko irailaren 15a
12:16
Entzun

1999an atxilotu zuten Nekane Txapartegi, eta 18/98 auzian zigortu zuten gero. Jarduera politiko eta sozial publikoa egiteagatik "torturak, bortxaketa, erbestea eta espetxealdi gogorra" jasan dituela salatu dute haren estradizioaren aurka bildu diren eragileek. Orain, Zuricheko Diessdorf espetxean dute preso, inkomunikatuta —egunean 21-22 ordu pasatzesn ditu ziegan, eta astean behin ordubeteko bisita bana izaten du alabarekin eta senide eta lagunekin—.

Espainiak egindako estradizio eskaeraren erantzunaren zain, "ezezko borobila" eman nahi diote prozedura horri Txapartegiren askatasunaren alde batu diren eragileek. Azaldu dutenez, hilaren amaierarako espero dute lehen erabakia; Txapartegiren aurkakoa bada, helegitea jartzeko aukera izango du.

Estradizioaren aurka, babes argazki bat aterako dute igandean Zelatunen, Hernio mendiaren magalean, 12:00etan. Ordu berean, irailaren 20an, elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Suitzako kontsulatuaren aurrean. Hilaren 24rako, berriz, Free Nekane plataformak manifestazioa antolatu du Bernan (Suitza).

Eskubide zibil eta politikoen alde

"Edozein izanik ere leporatzen zaion delitua, inor ezin da epaitua izan egituraz oinarrizko eskubide zibil eta politikoak eta giza eskubideak urratzen dituzten epaitegietan", adierazi dute eragileetako ordezkariek. Gogora ekarri dute Suitzak estradizioa ukatu behar lukeela tortura zantzuak atzemanez gero, eta horretarako nahikoa datu badaudela diote: Eusko Jaurlaritzak aginduta Paco Etxeberriaren lantaldeak egindako ikerketa, Suitzan egindako azterketak psikiatrikoak eta Mikel Egibarri Istanbulgo protokoloarekin egindako azterketaren emaitzak —Txapartegirekin batera atxilotu zuten—. OMCT torturaren aurkako mundu erakundeak ere salatu zuen Txapartegiren kasua.

Horregatik, tortura sexista salatu eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu nahi dituzte mobilizazioekin. "Borrokaz bakarrik lortuko dugu Nekaneren estradizioa gelditu eta nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin libre izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.