TXARTELEN IRUZURRA

Txartelgorria

Azken bolada honetan milaka kreditu txartel bikoiztu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kutxazainetan; erabiltzaileen elkarteak «oso kezkatuta» daude

GASTEIZ
2005eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Urte hasieran gertatu zen Iruñean: Nafarroako Aurrezki Kutxaren (CAN) 5.143 kreditu txartel kopiatu zituzten; iruzurrak 630 bezero kaltetu zituen eta lapurtutako diru kopurua 746.000 euro baino gehiago izan zen. Orain dela bi aste, berriz, Gasteizi egokitu zitzaion, eta Euskadiko Kutxak Lakua auzoko biztanleen 1.131 txartel bertan behar utzi behar izan zituen talde batek kopiatuta zeuzkala eta Euskal Herritik kanpoko tokietatik dirua atera zuela egiaztatu ondoren; lapurrek 665 txartel erabili zituzten astearte gauetik asteazken goizera bitartean (bi eguneko saldoak aprobetxatzearren) eta iruzurra 375.000 eurokoa izan zen.

Ausbanc-eko ordezkari Aitor Beldarrainen irudiko, inoiz ere ez dago segurtasun osorik, baina afera kezkatzekoa da iruzur maila jakin batzuetara heltzen denean. «Gaur egun egoera horretan gaudela iruditzen zaigu». Banketxeen erabiltzaileen elkarteko buruaren hitzetan, gogoeta egin beharra dago, «iruzurra iristen ari den maila ikusita».

Segurtasunerako plana indarrean dago sektorean

Beldarrainen ustea da teknologia berriak orokortuz doazela, «baita lapurrentzat ere», eta gaur egun oso eskura dituztela. Gasteizko kasuan, esaterako, txip bat kokatu zuten teklatuaren azpian, eta, era horretara, kutxazaina zerabilten bezeroen txartelak kopiatu zituzten bost astean; eraikitzen ari den lursailen ondoko kutxazaina izanda, inguruetan jende gutxi igarotzen zen, eta aise manipulatzeko modukoa zela uste du Ertzaintzak. «Oso kezkatuta gaude. Finantza entitateek segurtasunean inbertitu behar dute halabeharrez», eskatu du Ausbanc-eko eledunak.

Baina kutxa nahiz banketxeak ez daude atzean gelditzeko prest. Euskadiko Kutxako Komunikazio arduradun Juan Cidek hedabide honi azaldu dio plan bat indarrean dagoela aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera, txartelei buruzko sistema osoa eguneratze aldera: alde batetik, txartel berriek betiko banda magnetikoa izango dute, baina baita txipa ere; bestalde, kutxazainak aldatuko dira, eta berrikuntzak ezarriko dira txartelak irakurtzen dituzten gailuetan. «Segurtasun hori nahiko kontu potoloa izango da», azpimarratu du, bezeroentzako kosturik ez dela izango zehaztuta. Aurtengo hasieran Iruñean nahiz Gasteizen gertatutakoak ekiditeko modua ematea espero du, «Baina, dena den, batek daki noraino helduko diren batzuk lapurtu nahian...».Neurri berriok indarrean ezartzeko eperik ez dago, berez. Cid-en arabera, azken helburua da «finantza erakundeak animatzea ahalik eta neurri gehien ipintzera». Hortaz, batek Euskadiko Kutxaren txartela badu, Kutxaren kutxazain batean ateratzen badu eta iruzurra gertatuz gero, segurtasun neurri gutxien dituen erakundeak aurre egin beharko dio aurre balizko lapurretari (orain arte erantzukizuna zen txartela ematen zuen entitatearena).

Txipa duten txartelak «askoz seguruagoak» dira

Beldarrainek argi dauka txipa duten txartelak «askoz ere seguruagoak» direla, kopiatzeko zailtasun dezente jartzen dituztelako. Gainera, beste erabilera batzuetarako ere balia litezke, historial akademiko edo medikua izateko, adibidez.

Baina, halaber, Europako Batasunak gaur egungo txartelak ordezkatzeko gomendioak eman zituela gogorarazi du. «Entitateentzako kostu bat dakar, baina, aldi berean, erakundeek onartu beharko lukete zenbat eta txartel gehiago erabili, orduan eta etekin handiagoak jasotzen dituztela», arrazoitu du banketxeen erabiltzaileen elkarteko kideak.Kutxek nahiz banketxeek «negozioaren alde txarrei ere» aurre egin behar dietela uste du. Are gehiago, Gasteizko kasuan bezala, iruzurra entitatearen barne gertatzen denean Ðkutxazaina bulegoan dagoÐ, eta bezeroak txartela behar duen bezala erabili duenean.Begi onez, baina zuhur, ikusi du, bestalde, erakundeek aseguruak izatea. «Kontuz, asegurua ez baita neutroa, eta, azkenean, baldin badago, garestitu egingo du txartelen erabilera». Beldarrainen iritziz, hobe da erakundeek segurtasuna sustatzeko neurrietan gastatzea aseguruetan baino, «segurtasuna etorkizuna delako».Edozein kasutan, segurtasun neurri guztiak hartuta ere, iruzurrak gertatuko direla dirudi. Alde batetik, kreditu txartelen erabilera hedatuz doalako etenik gabe (gaur egun arabar guztien %80k erosketak txartelen bidez ordaintzen dituzte). Baina, bestalde, lapurrek makina bat prozedura erabiltzen dituzte, eta batzuk sinesgaitzak benetan: Espainian, behin, iruzurgileek kutxa, makina bera, kopiatu eta zenbait bezerori ziria sartu zieten, benetakoa erabiltzen ari zirelakoan...Eta hori guztia, azken urteetan Interneten bitartez zabaltzen ari den merkataritzan txartelen erabilerak dituen arriskuak ez aipatzeagatik. Beldarrainek ohartarazi du «esparru zabal bezain arriskugarria» dela iruzurgileek negozio horiek egin ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.