Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko kide ohi eta euskal presoak (Donostia, 57 urte) erakude armatuaren biktimei jendaurrean barkamena eskatu die gaur, Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan, eskutitz baten bidez. Sabino Aiestaran EHUko Psikologia katedradunak leitu du haren gutuna. Ekainaren 24ko data du testuak, eta sei orrialde eta erdikoa da.
"Indarkeriaren biktima guztiek tragedia" bizi dutela aitortu du presoak, eta "saminik sakonena" agertu du. Bera ETAn egondako garaian biktimak egoteagatik "benetako damua" daukala ere esan du.
Barkatu, bizitzeko mintegian bera zen hitz egitekoa hasiera batean, baina, azkenean, uko egin zion zuzenean parte hartzeari, "biktimak ez mintzeko", Efe berri agentziak maiatzean esan zuenez.
Txelis 1992ko martxoan atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bidarten, Francisco Mugika Garmendia eta Jose Mari Arregi Erostarberekin batera. Poliziaren arabera, ETAko zuzendaritza osatzen zuen hirukoteak. Egun ez da ETAko kidea.
Espainiako Auzitegi Nazionalak duela bi urte baimena eman zion egunean hainbat orduz Langraizko (Araba) kartzelatik atera ahal izateko —egun, Zaballako espetxean dago—. Presoak berak eskatu zuen kartzelaldi arindua. Zigor Kode zaharraren arabera, "indarkeria terrorista gaitzetsi" eta "biktimei barkamena eskatu" behar da neurri hori jaso ahal izateko.