politika

Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak iragarri du "hemendik gutxira gizarte osoarentzat oso berri onak" egonen direla

=lVilaweb.cat==http://www.vilaweb.cat/noticia/3722209/txelui-moreno-eta-opta-proces-democratic-dacabar.html=l Kataluniako webguneko elkarrizketan egin ditu adierazpenok. Ezker abertzaleko ordezkaritza Kataluniako eragileei proposamen politiko berria azaltzen ibili da egunotan.

2010eko apirilaren 30a
21:20
Entzun
"Hemendik gutxira ezagutuko ditugu gizarte osoarentzat oso berri onak: akordio zehatzak, oinarri sendoekin, herri ikuspegiarekin...". Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak vilaweb.cat Kataluniako webguneko elkarrizketan errandakoa da. Azken astean ezker abertzaleko ordezkaritza Katalunian izan da proposamen politiko berria hango eragileei azaltzeko.

Morenok akordio eta negoziazioetarako epe zehatzak ez ditu aipatu, "herri atxikimenduaren araberakoa" izanen baita hori. Zehaztu du ezker abertzalea euskal eragile politiko eta sindikalekin harremanetan dagoela, baina EArekin akordioa lortzea dela "lehentasunezkoa".

ETAri buruz ere mintzatu da Moreno vilaweb.cat-en: "ETAren lehenengo agiriak argi erraten du prozesu demokratikoa dela alternatiba bakarra". Morenok gaineratu du ETAk badakiela ezker abertzaleak prozesuari ezarri dizkion "ezaugarriak" indarkeriarik eta "kanpoko esku sartzerik" gabekoak direla. "Borroka ideologikoa, masa borroka eta borroka instituzionala erabiliko dira prozesu demokratikoan, eta herri honetan erabili diren gainerako borroka moldeak prozesuaren arabera joanen dira". ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak "berehala" hasi beharko liratekeela ere erran du Morenok.

Espainiako Estatuaren egoera, berriz, "eutsiezina" da ezker abertzaleko kidearen iritziz: "Onura gehiago lortuko luke jende guztiak bozkatu ahal balu eta proiektu guztiak onartuko balitu". PSOEren eta PPren jarrerak ezker abertzalearen posizioa indartzen duela uste du Morenok, eta alderdi horiek planteatzen duten "irabazleen estrategia" bidegabetzat jo du: "Ezker abertzaleaz gain, pertsona eta kolektibo gehiagori kalte egin dio".

Joan den larunbatean Ondorioetatik, bidea eta urratsak. Ezker Abertzalea abian adierazpena plazaratu zuen ezker abertzaleak Iruñean, agerraldi jendetsu batean. Adierazpen horretan Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu zioten ETAri zein Espainiako Gobernuari. Bruselako Adierazpenean su-eten iraunkor eta egiaztagarria eskatzen zaio ETAri eta neurriko erantzuna Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.