Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzaile izandakoak eta Nafarroako Parlamentuko bigarren presidenteordeak alderdia utzi du. Hau zen lehendik ere bere azken agintaldia parlamentari gisara, maiatzeko hauteskundeetan ez baita EH Bilduren zerrendan izango.
Noticias taldeko Nafarroako egunkariak jakinarazi duenez, Aralarren zuzendaritzarekin izandako desadostasunek eraman dute alderdia uztera.
Azaroan Aralarrek egin zuen batzarrean zuzendaritzaren txostenari osoko zuzenketa aurkeztu zion hamabi militanteko taldearen buru zen Jimenez. Estatutu berriek Nafarroari autonomia aitortu arren alderdiaren printzipioak deuseztatuko zirela uste zuten. Batzarrak, ordea, atzera bota zuen zuzenketa hori. Batzarraren %13,88ren babesa soilik jaso zuen, eta %65,74k hamabi militante horien zuzenketaren aurka bozkatu zuten. %20,37 abstenitu egin ziren bozketan.
2003tik 2011ra arte izan zen Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzailea. Asun Fernandez de Garaialdek hartu zuen lekukoa.