AHT

Txentxo Jimenezek dio Espainiako Gobernuak Nafarroako egungo proiektua baztertuko duela

Aralar-NaBaik mozioa aurkeztu du Nafarroak AHTaren lanak bertan behera utz ditzan. "Senak eta dugun informazioak adierazten digute egungo korridorea moldatu eta Gasteiztik lotuko dutela EAErekin", erran du parlamentariak.

edurne elizondo
2013ko apirilaren 24a
14:21
Entzun

Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako proiektua bazter utziko du Espainiako Gobernuak. Horixe uste du, behintzat, Nafarroako Parlamentuko Aralar-NaBai taldeak, eta halaxe azaldu du Txentxo Jimenez parlamentariak jendaurrean. Espainiak egungo egitasmoa moldatuko du, Jimenezen hitzetan. "Senak hori erraten digu, eta ziur gara hala eginen dutela". Senaz eta usteaz harago, hori errateko "informazioa" ere badutela erantsi du Jimenezek. Informazio horren arabera, egungo proiektua baztertu, eta egungo tren korridorea baliatuko luke Espainiako Gobernuak, moldatzeko, aldaketa teknikoak egiteko, eta EAErekin lotzeko.

Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera zehatz egiteko: Nafarroako zatiko lanak bertan behera utz ditzala, berehala, eta ez dezala bertze lanik esleitu, batetik; bigarrenik, obrak egiteko ardura duten enpresekin negoziatzeko eskatuko diote gobernuari, indarrean diren kontratuak eteteko; eta hirugarrenik, Nafarroari Espainiarekin negoziazioa has dezala eskatu diote, obrak ordaintzeko dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko.

"Nafarroako Gobernuak ezin du aurrera jarraitu lanekin, egungo egitasmoa ez baita gauzatuko. Erokeria da dirua xahutzen jarraitzea, proiektu hori ez baita eginen", erran du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bi erakundeok Espainiako Gobernua presionatu nahi baitute, parlamentariaren ustez, Nafarroako AHTaren proiektua Gipuzkoarekin lotzeko. Jimenezek gogoratu du Espainiak Nafarroan egin beharreko obretako bakarra ere ez duela hasi ere egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.