Txertoen patenteak kentzearen gainean eztabaidatzea onartu du Europak

Herrialde ekoizleei dei egingo diete «esportazioa baimendu eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko». Europako Batasuna da «munduko txerto esportatzaile nagusia». AEBek babestu egin dute txertoei patentea kentzea.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariaren artxiboko irudi bat. OLIVIER HOSLET / EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 6a
10:18
Entzun

Bart jakinarazi zuten AEBek erabaki dutela behin-behinean deuseztatzea txertoen egile eskubideak. Atzoko adierazpenen ondotik heldu dira Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariarenak: «prest» dago egile eskubideetan salbuespen bat egitea eztabaidatzeko. Horrez gain, jakinarazi du txertoak ekoizten dituzten herrialdeei dei egingo dietela «esportazioa baimendu eta hornikuntza kateak oztopatzen dituzten neurriak deuseztatzeko».

«Badakigu inor ez dagoela salbu beste denok ere egon arte», horrelaxe defendatu du von der Leyenek iragarri berri duen erabakia. Kasuen gorakada betean etorri dira EB Europako Batasuneko eta AEBetako erabakiak, eta, hain zuzen ere, horri egin diete erreferentzia biek ala biek. «Birusak hedatzen jarraitzen badu Indian, Afrikan edo Errusian, arrisku larria da gu denontzat. Aldaera berrientzako haztegia da», adierazi du Von der Leyenek. 

Hala ere, erabakia pandemiaren bilakaeraren garai kritiko batean hartu badute ere, txertoen egile eskubideen gaineko eztabaida arnasa luzekoa da. Historikoki, Europako Batasuna eta AEBak izan dira horren aurka azaldu diren potentziarik indartsuenak, baina, Indiako kasuen gorakada betean, estrategia aldatzea erabaki dute: «Osasun krisi orokor batean gaude. Pandemiaren salbuespenezko egoerak salbuespenezko neurriak eskatzen ditu», adierazi du Katherine Taik MME Munduko Merkataritza Erakundeko ordezkari estatubatuarrak. Hain zuzen ere, India eta Hegoafrika iazko urritik ari dira eskatzen patenteak liberalizatzeko. Txertoen produkzioa eta hornidura handitzeko ahaleginak egingo dituztela jakinarazi du Taik. 

«Munduko txerto esportatzaile nagusia»

Orain arteko jarrera txertoaren egile eskubideak ez salbuestea izan bada ere, txertoak beste herrialdeetara helarazteko batzordeak egindako lana goraipatu du Von der Leyenek. Haren hitzetan, Europako Batasuna «munduko txerto esportatzaile nagusia» da, 200 milioi dosi baino gehiago bidali dituelako batasunetik kanpoko herrialdeetara. 

«Europak bere herritarrei ematen dizkien beste txerto esportatzen ditu ia. Gauzak argi, Europa da munduko eskualde demokratiko bakarra txertoak eskala handian esportatzen dituena», horrelaxe defendatu du Von der Leyenek iragarri berri duen erabakia. Are gehiago, egoerari buelta emateko nahia adierazi du: «Krisiari modu eraginkor eta pragmatikoan helduko dion edozein proposamenen inguruan eztabaidatzeko prest dago Europako Batzordea». Gehitu du Europak krisiari erantzun eraginkorrak ematen jakin duela: «Europak erakutsi du demokrazien batasunak emaitza onak eman ditzazkeela krisi garaietan. Bere herritarrentzat eta gainerako mundu osoarentzat».

Bestalde, batasuneko herrialdeetan bertan izan duten txertatzeko gaitasuna ere azpimarratu nahi izan du, egunean hiru milioi europar inguruk dosi bat jasotzen dutela azalduta, eta aurreikusi du uztailerako adin nagusiko europarren %70 txertatuta egongo direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.