Bat egiten duten gaien artean, PSN eta PSEko idazkari nagusiek azpimarratu dituzte EAEko kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako itun ekonomikoarekin berritzea, abiadura handiko trenak bi esparru administratiboak lotzea ekarriko duen akordioa, eta euskal presoen espetxe politika aldatzeari buruz duten ikuspegia.
Aurreneko bietan Espainiako Gobernuarekin akordio batera heldu izana txalotu dute Txibitek eta Mendiak. PSE-EEeko buruzagiaren arabera, “Euskadiko eta Nafarroako instituzioak balioetsi egiten ditu” horrek, eta bien “berezitasunak” aintzat hartzen ditu, “Espainiako Konstituzioan jasota dagoen moduan”. Kontrako adibidetzat jo du Kataluniako egoera. “Han, blokeetan banatzen da gizartea, konfrontazio etengabe oinarrituta egiten da politika, eta erabatekoa da akordioetara heltzeko gaitasunik eza”.
Txibitek eredugarritzat jo du PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan jokatzen duen papera. “Kutsu progresista ematen dio gobernu horren politikei, geldiarazi egiten ditu nazionalisten irrikak, eta herritarren kezka nagusietan oinarritzen da”.
Txibitek esanikoa berretsi du Mendiak eta azpimarratu du ezin dela gauza bera esan Nafarroako Gobernuari buruz. PSE-EEkoaren ustez, laukoak “iskanbila identitarioetan” nahaspilatuta dabil, “hizkuntzen [euskararen] inposizioekin, banderen gerrekin eta gobernuko kideen arteko ika-mikekin”.
Euskal presoentzako espetxe politikaz, bat datoz PSN eta PSE-EEko buruzagiak. Ontzat jo dute Frantziako Gobernuak presoak hurbiltzeko eginiko iragarpena eta erabilitako irizpidea. Espainiari buruz, Mendiak esan du “presoen barne hausnarketak” zabaldu duen “aukera” baliatu beharko lukeela Madrilgo gobernuak beste espetxe politika bat garatzeko.