ETAko Jon Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela 40 urte beteko dira igandean, irailaren 27an. Hainbat ekitaldi daude antolatuta egun horretarako; tartean, Ahaztuak elkarteak Iruñeko udaletxe aurrean deitutakoa, 12:30ean. Elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak debekatu egin du deialdi hori, "terroristen jokabidearen aldeko adierazpen bat" izan daitekeelakoan, "terrorismoaren gorazarrea" gertatu daitekeela iritzita.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren auto batean oinarritu dira hori esateko. 2009an, Eloy Velasco epaileak debekatu egin zituen Txiki eta Otaegi gogoratzeko ekitaldiak. Hala ere, Ahaztuak elkarteak gogora ekarri duenez, 2010ean Auzitegi Nazionalak berak baimendu zituen ekitaldi horiek. "Erregimen frankistarekiko eta haren krimenekiko inpunitate eredu bat indartzen da horrela, haren biktimen memoriarako eskubidea ukatuta", salatu du elkarteak.
2012an, Txiki eta Otaegi indarkeriaren biktima gisa onartu zituen Eusko Jaurlartzak.