Txikiaren indarra

Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, Donostian izan da Jim Mather Eskoziako Industria eta Energia ministro ohiaHerrialdeko hainbat enpresarirekin bildu da, independentziaren onurak azaltzeko

Jim Mather Eskoziako Ekonomia ministro ohia —erdian— Jon Uriguen eta Xavier Solanorekin, atzo, Kursaalean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gizarte kohesionatu bat izango da independentziarako bidea egiteko giltza. Hala uste du Jim Mather Eskoziako Enpresa, Energia eta Turismo ministro ohiak. «Nazio txikiek beren beharrei erantzun behar diete, eta, horretarako, herritarrengandik gertu egon behar dute». SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak helburu hori lortzeko azken urteetan eginiko lan «arrakastatsuaren» berri eman du Matherrek Donostian eginiko hitzaldi batean. Eskoziarako marraztutako bide orria Euskal Herriarentzat ere baliagarria izan daitekeela uste du. «Eskozian funtzionatuko du, eta Euskal Herrian ere bai».

Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, bi eguneko egonaldia egin du SNPko ministro ohiak Euskal Herrian; Gipuzkoakohainbat alorretako eragileekin bildu da, bereziki ekonomikoekin, eta atzo iluntzean hitzaldi bat eman zuen Kursaaleko konferentzia aretoan, Independentziaren onurak sozio-ekonomia ikuspegitik, Eskoziaren kasua izenburupean. Matherren hitzaldia entzuten han izan ziren, besteak beste, Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatuak, Gipuzkoako hainbat foru diputatu, Xabier Ezeizabarrena EAJko batzarkidea, Rebeka Ubera Aralarrekoa, Joseba Permach ezker abertzaleko kidea eta Xabier Isasi Gaindegiako zuzendaria.

Matherren ustez, nazio guztiek dute beren bidea gidatzeko asmoa, garapen ekonomikoa eta justizia soziala ziurtatzeko. Hori hala, helburu horiek lortzeko arazo izan daitezkeen faktoreak zehaztu, gizarteratu eta eztabaidatu behar direla uste du. «Argi eta garbi azaldu behar da zein den egoera; oposizioaren ezkortasuna agerian utzi behar da; eta, bereziki, herri mailako elkarrizketak garatu behar dira». Independentziaren beharra defendatuko lukeen sarea osatzea izango litzateke gakoa, Matherren arabera. «Prozesuak irekia izan behar du, sendoa eta konfiantza eragiten duena». «Herritar aktiboak behar dira», ondorioztatu du.

Espainiaren «beldurrak»

Arratsaldean eginiko hitzaldiarekin amaitu zuen Matherrek Gipuzkoara eginiko bidaiako lehen eguna. Goizean, herrialdeko hainbat enpresa bisitatu zituen, eta enpresarien ordezkaritza batekin bazkaldu zuen ondoren.

Matherren bisita baliatu zuen Martin Garitano diputatu nagusiak Eskozian abian den autodeterminazio prozesuari buruzko balorazioa egiteko. Hernaniko Orona enpresara eginiko bisitan,adierazi zuen Eskoziakoa Euskal Herriarentzako «eredu» bat dela. «Agerian uzten du Europako bihotzean estatu berri bat eraiki daitekeela eta estatu horren neurria ez dela arazo bat, aukera bat baizik». Kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, diputatu nagusiak nabarmendu zuen Eskoziak urratutako bidea baliagarria izango dela autodeterminazioaren inguruan eraiki diren hainbat «mito» eraisteko.

Garitanoren antzera mintzatuzen Joseba Permach ezker abertzaleko kidea. Infozazpi irratian eginiko elkarrizketa batean, Permachek adierazi zuen Eskozian abiatutako prozesua «oso garrantzitsua» izango dela euskal independentismoarentzat, autodeterminazioaren inguruko eztabaida argitzen duelako. «Urte luzez saldu nahi izan da, eta propaganda egin dute esanez autodeterminazio eskubidea Hirugarren Mundua esaten zaien herrialdeentzat zela soilik. Baina Eskoziak bertan behera utzi ditu planteamendu horiek, eta agerian utzi du herri batek eskubidea duela bere etorkizuna modu librean erabakitzeko».

Erresuma Batuko The Independent egunkariak argitaratutakoa ere hizpide izan du Permachek. Egunkari horren arabera, Eskozia Europako Batasuneko kide izatearen aurka agertuko litzateke Espainia herrialde horrek independentzia lortuko balu. Permachen iritzian, jarrera horrek agerian uzten du Espainiako Estatuaren urduritasuna, «jakin bai baitaki 2014an Eskozian gerta litekeena Euskal Herrian ere gertatuko dela».

Independentistak sareak ere heldu dio gaiari, eta eskoziarren erabakia «mugatzeko edo baldintzatzeko saioak» onartezinak direla salatu du. «Eskoziako herriak hartu behar du nahi duen bidea, inork inolako inposiziorik ezarri gabe», nabarmendu du.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Eskozian abiatutako prozesua txalotu du Independentistak sareak, eta eskua luzatu die Eskoziako Gobernuari eta hango herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.