Txikitatik izan duen afizioa ofizio bihurtu nahian jarduten du Leire Gotxik (Bermeo, Bizkaia, 1995). 4-5 urterekin, bere musikazaletasuna zela medio, amak musika eskolara bidali zuen. Akordeoia jotzen aritu zen hasieran. 14 urterekin ekin zion gitarra jotzeari bere kabuz, eta bere abestiak egiten hasi zen; hitzak ere idazten ditu. Jendaurrean aritzea maite du: "Zu entzuten ari direnean, horrek ez dauka preziorik".
Estilo ezberdinak entzutea atsegin du Gotxik. "Geroz eta musika gehiago entzun, orduan eta formazio hobeagoa edukiko duzu". Bere lehen inspirazioa Ken Zazpi taldea izan zen, baina countrya eta soula maite ditu, besteak beste; Taylor Swift country pop bakarlaria da haren erreferentzia nagusienetarikoa egun: "Gehien-gehien, country-pop lasaia da entzuten dudana".
Andrazkoak oholtzan
Euskal Herriko musikan andrazkoek daukaten presentziari buruzko hausnarketa ere egina du Gotxik. Horren harira, Fermin Muguruzak gauzatu duen Zuloak proiektua jarri du adibide modura: "Egin ahal izan den gauzarik hoberena da, aurreiritziak kentzeko eta aurrera egiteko. Neska gehiago egon beharko lirateke euskal musikaren munduan; ez dago askorik". Hainbat estilotan nesken ahotsak egoteari garrantzitsua deritzo: "Ez da egon behar diferentzia bat neska edo mutila edukitzerakoan aurrean. Uste dut Euskal Herrian mutilak hobeto ikusita daudela musika munduan, arraroagoa dela neska bat ikustea taula gainean. Ez dago nahikoa normalizatua hori". Alde horretatik jendea apur bat atzeratuta dagoela begitantzen zaio: "Azkenean, neskak eurak badira txarto ikusten dutenak neska bat agertoki gainean egotea, ez dugu egingo aurrera. Ikusi behar dugu zelako balioa eman behar zaion bakoitzari, zer den justua eta zer ez".
Institutuko maisu bati zor dio barikuko emanaldia: "Hura da bertan dabilena dena antolatzen. Kafe Antzokiko Patxirekin egin zuen berba Anarik joko zuela jakin zuenean; ea herriko nor edo nork ahal izango zuen abestu, eta Patxik nire izena eman zion". Baiezkoa eman zuen, garbi.
Bere abestiak joko ditu 20-30 minutuz. Berriaren aldeko emanaldia izanik, euskara hutsean jotzea erabaki du, ingelesezkoak ere badituen arren. Maketa bat grabatzekotan dabil orain, eta Tennesseera (AEB) bidaia egiteko asmoa dauka, hango musika giroa gertutik ezagutzeko.