«Txikizioa» salatzen sormenaren gunean

Durangoko Elkarlanak deituta, AHTaren kontrako manifestazioa egin dute, mugimendua «berpizteko» eskatuz

Atzo eguerdian Durangon AHTaren kontra egindako manifestazioaren hasiera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Giro aparta zegoen atzo Durangon. Oskarbi eta epel. Kulturaren zaleek azken eguna zuten aldez aurretik ikusitako liburu zein diskoak erosteko. Azoka aitzakiatzat hartuta, lagunekin egun-pasa joan zenik ere ez zen falta. Bada, kulturaren ozeanoan euskal kulturaren uharte txiki —baina sendo— bilakatu den espazio horretan, txikizioaren aurkako aldarrikapenak sormenari ostu zion protagonismoa une batez atzo goizean. AHT abiadura handiko trenaren eraikuntzaren kasuan, sortzeak «txikitzea» dakarrela gogoratu zuten atzo 200 bat pertsonak Durangoko kaleetan, Elkarlanak deitutako manifestazioarekin bat eginez.

Hura ez zen AHTaren aurkako ekintzaileek azoka egunetan eginiko lehenengo jarduera: Landakoko gunearen parean dagoen tximiniak AHTrik ez pankarta leloduna zuen eskegita, eta The Clash punk talde ingelesaren London Calling diskoko azal mitikoa gogora ekartzen duen kartelak apaintzen zuen Plateruenaren aurreko etxebizitzen aldamioa. Oraingoan, baina, Paul Simononen —ekintzaile ekologista hura ere— baxuak ez du agertokiaren zorua apurtu nahi, «kapitalismoaren trena» gelditzea baizik.

Manifestazioa 12:30erako deituta zegoen, eta ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zuen bere ibilbidea. Krisi ekonomikoaren gaurkotasuna zuen oinarri pankartaren leloak: Behar ez dugunetik murriztu dezatela. AHT Gelditu!. Haren atzetik hasi zuten ibilbidea deialdiarekin bat egin zuten pertsonek. Madalen plazara heldu orduko, «Herria bizirik, AHTrik ez» zioten oihuek Durangoko erdigunea hartu zuten. Landako etorbidea utzi eta Abasolo kalera heldu bitartean, «Todo por la pasta, Y vasca» (Euskal Y-a, dena diruaren truke) hots eginez kritikatu zuten abiadura handiko trena.

Giroa zertxobait apaldu zen Sasikoa, Trenbide eta Ermodo kaleetatik igarotzean. Zumalakarregi etorbidera heltzean, baina, oihu ozenagoak entzuten hasi ziren, manifestazioa erdigunera itzuli zen seinale. Durangoko Batzokiaren paretik pasatzean, «EAJ txikitzaile» leloa nagusitu zen. Ibilbidea alde zaharrean bukatu zen: Andra Mari plazatik Artekalera,Santa Ana plazan bira egin, eta Goienkaletik behera jarraitu zuen Andra Mari elizako arkupean amaitzeko.

«Porrotari» aurre egin nahian

Manifestazioa bukatuta, Durangoko bozeramaile batek hartu zuen hitza. Aldarrikapena eta iseka uztartzen zituen sarreraren ostean, ezkortasuna azaleratu zen, datu ekonomikoez eta etorkizunaz hitz egiten hastearekin batera: «Ez dute esaten aurrekontuaren %7 bakarrik erabili dela oraingoz, eta iragarritako gastuek gora egiten dutela ezinbestean. Aurten AHTra bideratuko den aurrekontuak %27 egin du gora, obrak amaituta ikusirik gure borrokak porrot egin duela pentsa dezagun. Eta lortzen ari dira».

Bozeramailearen hitzetan, Nafarroan «bizirik dagoen grina» Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetan «berpizten» ez bada, AHTaren aurkako mugimenduak «ezinbestean isilduko dituzte» gobernuek.

Azkenik, Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tarta bota zion ekintzaileetako batek, Gorka Ovejerok, taldekideen egoera legala azaldu zuen: «Madrilen epaitzen bagaituzte, lau eta sei urte bitarteko kartzela zigorra izanen dugu; eta Tolosan [Okzitania] izanen balitz, soilik falta bat izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.