Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012) hizkuntzalari, idazle eta politikariak hil ondotik utzi duen itzala "geroz eta nabarmenagoa" ari da izaten Rodriguezen arabera. "Intelektual bati dagokion moduan idatzi zuen; maisua izan zen". Baina oraindik ez zaio egindako lan guztia aitortu, eta hori "ez jakintasunagatik" izan dela nabarmendu du Rodriguezek ikastaroa aurkezteko egin duten prentsaurrekoan.
Ekainaren 23tik 25era egingo da ikastaroa, eta bertan, Txillardegiren testuak aztertuko dituzte. "Bere testuak ezagutarazi egingo ditugu, kritikoki landuko ditugu, eta hori, intelektual bati egin dakioken omenaldi ederrena da", gaineratu du Rodriguezek. Alaitz Aizpuru, Ander Iturriotz, Koldo Izagirre eta Markos Zapiain idazleak izango dira, Rodriguezekin batera, ikastaroko irakasleak.
Matrikula, doan
Txillardegik egindako ekarpen oparoa eskertu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horregatik ikastarora matrikulazioa doakoa izango dela jakinarazi du Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak: "Egin zuen lan guztiak ahalik eta oihartzun handiena izatea nahi dugulako eskainiko dugu ikastaroa doan".