ingurumena

Tximinietako keari so

Petronorren inguruko herrietako bizilagun asko kezkatuta daude hango isurien eraginengatik. Azken asteetan, nabarmen bi izan dira. Meatzaldea Bizirik elkarteak dio isuritako substantziak gorputzean metatu egiten direla. Gaiaren inguruko erreportajea landu du 'Bizkaiko Hitza'-k.

Muskizko plantako tximinia. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Natalia Salazar Orbe.
2014ko uztailaren 11
15:12
Entzun

Petronorren jarduera betidanik polemikoa izan bada ere, asteotan kezka areagotu egin da kolektibo ekologisten eta herritarren artean, findegiak bertako eta inguruetako herritarren osasunean eragin ditzakeen kalteei dagokienez. Egun gutxiko aldeagaz, isurketa bi gertatu dira: bata, ekainaren 21ean, eta bestea, uztailaren 2an. Hauts zuriz ere bete ziren hainbat eremu. Administrazioek lasai egoteko esan duten arren, bizilagunak kezkaturik daude inguru hartan bizitzeak izan ditzakeen arriskuez.

Sara Ibañez medikua da, eta Meatzaldea Bizirik plataformako kidea. Haren esanetan, osasunerako kalteak ez dira berehala nabarituko, isuritako substantziak gorputzean metatzen diren zerbait direlako. "Zirkulazio sisteman eta odolean metatzen dira; apurka sartzen ari diren produktuak dira". Substantzia horiek batez ere "hidrokarburoak eta metalak" direla zehaztu du.

Azaldu du "asma edo sentsibilitate berezia dutenak agian okerrago" ibiliko zirela azken asteetako isurketetan botatako hautsaren ondorioz. Dena den, gogoratu du arazo nagusia dela substantziok "metatu" egiten direla eta eragina, beraz, "epe luzekoa" dela.

Adinekoengan eta umeengan jarri du arreta berezia Ibañezek; adinekoengan, "osasun ahulagoa" dutelako, eta, haurrei dagokienez, azaldu du "korrika ibili ohi direnez arnasa sarriago" hartzen dutela. Horrez gain, haren esanetan, txikiagoak direnez, erortzen den hautsaren altueran daude. "Tatarrez ibiltzen dira, eskuak ahoan sartzen dituzte, baloia jaurtitzen dute...". Urte gehiago bizi direla ere ekarri du gogora; beraz, metaketa nabariagoa da.

Administrazioek afera horretan duten jarrera kritikatu du medikuak. Azken isurietako "hautsa bizigabea zela jakinarazi zuten", Petronorrek berak adierazi bezala. "Normala, hautsa baino ez da eta! Osasunarentzat ere ez dela kaltegarria diote".

Produktu toxikoak

Ekainaren 21ekoa koke isurketa izan zen. Uztailaren 2an, berriz, "tximiniatik ur lurruna eta katalizatzaileko hauts bizigabea" atera ziren, findegiak berak emandako datuen arabera. Baina Ibañezek dio hauts hori "substantzia kutsatzaileak jasotzeko" erabiltzen dutela. "Beraz, isurtzen dutena arriskutsua da", iritzi dio. "Produktu toxikoak" dituela baieztatu du.

2007an gertatu zen antzeko isurketa batean, Muskizko Udalak laginak hartu, eta zinegotzi batek aztertzeko agindua eman zuen, Meatzaldea Bizirik plataformako kideak oroitu duenez. Izan ere, "tximinia beretik hauts hori ateratzen den hirugarren aldia da". Analisi haien emaitzen arabera, "zeolita izeneko substantzia bat zuen hautsak". Besteak beste hidrokarburoak zituela esan du. "Beraz, harea edo hauts hori ez da garbia". Hauts hori "oso fina" dela ekarri du gogora, eta gaineratu "arnastuta gorputzera sartzeko oso erraza" dela.

"Administrazio batzuek eta besteek kalteturik ez dagoela adierazten dute, isurketok kalterik eragiten ez dutela arrazoitzeko", adierazi du Ibañezek. "Noski. Norbaiti azido sulfhidriko dosi masibo bat jaurtiz gero, berehala hilko da. Hemengoak epe luzera begirako kalteak dira, ordea. Zentral nuklear batean isuri bat gertatzen bada ere, kalteak ez dira epe laburrean ikusten. Fukushiman ere ez da gertatu horrelakorik".

Protesta jendetsua

Adierazi du Muskizko eta inguruko herrietako bizilagunak "kezkatuta" daudela egoera horiekin. "Bereziki, azken isurketak kezka handia sortu du". Protesta egiteko, elkarretaratze bat antolatu zuten azken isurketa gertatu eta hurrengo egunerako. "Jende asko etorri zen".

"Ez dakigu zer egin", esan du. "Sarri, beldurra ematen dit osasunean izan ditzakeen arriskuei, minbizi tasen igoerari, arnas aparatuko gaixotasunei zein malformazioei buruz berba egiteak ere. Azken batean, gu han bizi gara. Eta zer egingo dugu; alde hemendik?", galdetu du.

"Ez", erantzun dio bere buruari. "Administrazioari eskatu behar diogu irmo joka dezala, eta enpresari, bikain egin dezala lana. Gainerakoan, alde egin dezala hemendik".

Hala ere, oso zail deritzo findegi batek segurtasuna bermatzeari. "Arrisku ugari ditu", haren arabera, era horretako instalazio batek: "Istripuak, leherketak, suteak... Horiek istripu larriak dira, eta ikusgarrienak. Eguneroko jarduna da, dena den, populazioarentzat kaltegarriena".

Harea bituminosoak

Ibañezek gogoratu du Petronorrek petrolio astuna erabiltzen duela. Ez du ahaztu gura izan hasiak edo hastear dituztela Ameriketatik, Kanadatik, azken asteetan iritsitako "harea bituminosoak fintzeko" lanak ere. Europan lan hori hartu duen findegi bakarra da Muskizkoa. "Material horiek erabilita, zenbateko segurtasuna izango dugu, bada, isurketa arriskutsurik ez gertatzeko?", galdetu du.

Gero eta material astunagoak fintzeko asmoa du findegiak, hango arduradunetako batek iragarri legez. "Urteak daramatzate lan horretan", esan du medikuak. "Findegian garatu duten eraldaketa teknologiko osoa material horiek findu ahal izateko planta egokitzeko" izan da.

Isurketen hedapena

Era berean, kontuan hartu behar da, Ibañezen aburuz, Petronorren gertatzen diren isurketek ez dutela eragina soilik "distantzia laburrean". Isuri baten ondorioz hautsa 100 kilometrora irits daitekeela dio; Euskal Herrian zein kanpoan dago arriskua. "Ameriketako Estatu Batuetan, araudi bat prestatzen ari dira findegietatik gertuko herriak babesteko. 50 kilometrora arteko eremua kontuan hartzen dute han. Beraz, eragina gutxienez 50 kilometrora irits daiteke".

Haizearen norabidearen garrantziaz ere egin du berba. "Azken asteetako isuri horiek gertatu direnean hego haize bizia ibili izan balitz, Bilboko itsasadarraren eskuineko ibarrera joango zatekeen hemen erori zitzaigun hauts guzti-guztia".

Izan ere, uztailaren 2ko isurketa eragin zuen FCCren tximinia oso garaia da: 222 metro dauzka. Beraz, isuria zabaltzeko oso ahalmen handia du. "Arazo hau globalago hartu behar da", iritzi dio Ibañezek, sarri Muskizen bertan isuritako substantzia "gutxiago" erortzen direlako. "Izan ere, tximinia Muskizen egon arren, han ez zen hauts zuririk erori. Goialdetik sakabanatu zen hautsa. Beraz, batzuetan arrisku handiena ez da izaten gertuen daudenentzat".

Arazoak "guztiengan" du eragina. "Batez ere, Eskuinaldeko bizilagunentzat. Hego haizea oso ohikoa izaten da gurean. Bizi jotzen du, eta, halakoetan, dena eramaten du Eskuinalderantz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.