Lehen urteurrena ospatzen du gaur M-15 mugimenduak. «Benetako demokrazia» aldarrikatzen zuten gazteek eta ez hain gazteek Madrilgo Plaza del Sol okupatu zuten duela urtebete, mundu osoko komunikabideen arreta erakarriz. Krisi ekonomikoak eragindako itxaropenen galera eta sistema zein klase politikoaren gainbehera izan ziren Espainiako Estatuko hiririk garrantzitsuenetan herri bilkurak eratzeko akuilua. Egun, hasierako une horietan izandako indarra berritu nahian dabiltza M-15eko kideak.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere haserretuen kanpaldi espontaneoak sortu ziren 2011ko maiatzean. Horietatik, Bilboko Arriaga plazakoak bildu zuen talderik jendetsuena. Lucia Fernandez eta Adolfo Gomez han izan ziren, eta urte osoan Bizkaiko M-15 mugimenduak izandako garapena azaldu dute. Espainia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko beste hiri askotan legez, igaro berri den asteburuan hainbat ekintza antolatu dituzte Bilbon. Fernandezek dioenez, ekitaldi horien helburu nagusia mugimendua «berriz ere ikusaraztea» izan da.Izan ere, Arriagako kanpaldia desegin zenetik, Bizkaiko hainbat herri eta auzotan antolatu dira bilerak, baina atomizazio prozesu horrekin batera mugimenduaren oihartzun mediatikoa itzali egin da.
Atomizazioaren argilunak
Fernandezen hitzetan, M-15 herrietan errotzearen xede nagusia «mugimendua jendearengana hurbiltzea» izan da. Hala ere, hasierako egunetan modu iraunkorrean okupatu zituzten plazak uztean, mugimenduak erreferentzialtasuna galdu duela onartu du. Halaber, gizarteko sektore askorekiko komunikazioak huts egin duela aitortu du: «Badakigu ez dugula jakin gizarte osora heltzen».
Hala, herri bileren aldeko apustua egiteak eragin onurgarriak zein kaltegarriak izan ditu Bizkaiko M-15arentzat. Alde batetik, tokiko bilerek «mugimendua sakonago egiteko» balio izan dutela uste du Fernandezek. Beste alde batetik, Arriaga plazan M-15ek zuen «ikusgaitasuna» galdu duela berretsi du. Taldearen dezentralizazioa gauzatu arren, mugimenduak ez du utzi nahiizan haren enblema den plaza, eta, gaur egun ere, Arriagan egiten da bi astean behin Bizkaiko Asanblada Orokorra.
Alabaina, Fernandezek azaldu du «ia hasieratik» ikusi zutela mugimenduko partaideek auzoetara zein herrietara mugitzeko beharra. «Maiatzaren 22ra arte,haserre zegoen jendearen bilgune gisa erabili zen plaza. Hortik aurrera, hasierako naturaltasun hori galdu genezakeela jakinda, hainbat batzorde eratu genituen». Talde horietako bat izan zen Auzo eta Herrietako Batzordea. «Arriagara agertu ziren pertsonen datuak bildu genituen, gero, jendearen jatorriaren arabera, posta elektronikoaren bitartez kontaktuan jar zitezen eta euren kabuz herrietako bilerak antola zitzaten».
Modu horretan sortu ziren gaur egun Bizkaian existitzen diren hamar herri eta auzo taldeak. Gehienak Bilbo Handian egituratu ziren, M-15 hiri fenomenoa dela baieztatuz. Hala ere, Fernandezek «fenomeno espontaneo» gisa definitzea nahiago du: «Nahi duenak gurekin bat egin dezake, jende guztiaren parte hartzeari irekita gaude». Gomezek jakinarazi duenez, auzo eta herrietara mugitzean «tokian tokiko arazoen inguruan lan egiten» hasi dira taldeko kideak. Leioa-Getxoko bilerako partaide da Gomez, eta, bertan, Avanzada errepidea estaltzearen alde eta Lamiakoko araztegi proiektuaren kontra dihardute. Etxe husteen auzia ere landu dutela gaineratu du. «Etxe husteen aurka lanean dabilen taldea daukagu, eta Stop Deshaucios plataformarekin ere elkarlanean ari gara».
Beraz, eskema bikoitz batean funtzionatzen du Bizkaiko M-15ek: alde batetik, herrietako bilerek tokiko arazoak lantzen dituzte, eta, bestetik, Arriaganbiltzen den bilera orokorrean Estatuan eta mundu osoan M-15ek jorratzen dituen gaien inguruan aritzen dira.
Komunikabideen erasoa
Gomezek gogora ekarri duenez, Deustuko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Bilbon M-15ean parte hartzen duten pertsonen inguruan egindako ikerketa soziologikoak erakusten du mugimenduaren baeaz besteko partaidea hogeita hamar urte inguruko pertsona dela, lanaren eta gizartearen inguruko kezkak dituena. Halaber, Jaurlaritzak plazaratu berri duen ikerketaren arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %14k M-15en mobilizazioren batean parte hartu dute. Gomezek dioenez, «denetarik dago, baina eskuineko komunikabideetan eman nahi izan den irudia, lurrean botatako jende zikinarena, ez dator bat errealitatearekin».
Bizkaiko taldearen bi eledunek baieztatu dute ez direla betetzen M-15eko partaideei egotzi nahi izan dieten estereotipoak. Gomez 57 urteko ingeniari bat da, aurrez erretiratua, eta itxitako industria kimiko batean egiten zuen lan. Fernandezek, berriz, 35 urte ditu, eta kontsumitzaileen elkarte batean lan egiten du.
Indefinizioa gainditu nahian
2011ko maiatzean Madrilgo Plaza del Soletik irtendako eskabiderik entzutetsuenak izan ziren, besteak beste, Espainiako parlamenturako hauteskundeetan barruti bakarra ezartzekoa eta etxea hipotekaren ordainetan ematekoa. «Hasieran, asmoak oso orokorrak ziren. Bileretan egindako lanaren ostean, kanpaldi bakoitzak bere eskariak zehaztu zituen». Bizkaiko M-15ek 2011ko irailera arte ez zuen bere Gutxieneko Adostasuna onartu, kide guztiek onartutako oinarri programatikoa, alegia. Partaide guztien bat egitea lortzearen zailtasuna nabarmendu du Luciak: «Askok lortu genuen adostasuna erreformistatzat jotzen dute. Ziur aski, aldatu beharko dugun akordioa da, baina gaur egungo egoera kritikatzen du, eta gure ustez hartu beharko liratekeen neurriak proposatzen ditu».
Euskal Herrian «zenbait sektore abertzaletatik kritikak jaso izana» aipatu du Fernandezek. «Zenbait jenderi hasieratik ez zaiogustatu mugimendu hau, oso espainolistak garela uste dutelako; egiten ditugun proposamenak Sevillako M-15ek egiten dituenen antzekoak izan daitezkeelako, esate baterako».
Horrez gain, euskal gizarte mugimendu batzuekin tirabirak egon direla onartu du Fernandezek. Haren esanetan, bi arrazoi nagusik azaltzen dute «hasieran gizarte kolektibo askok bere burua M-15arekin nahasita» ikusi nahi ez izana. «Batetik, sarkin gisa ikusi gaituzte, haiek hainbat urte zeramatzatelako guk landu ditugun arazoak jorratzen, eta arreta informatibo guztia gureganatu genuelako. Eta arrazoi osoa daukate». Hori dela eta, gizarte erakundeekin «elkarlan sarea» eratzeko lan egin dutela nabarmendu du.
Gomezek gaineratu duenez «alderdi eta sindikatuetatik at lan egin arren», martxoan murrizketen aurka egindako saioetan parte hartu dute. «Greba orokorrean sindikatu txikiekin nahiz ELA eta LABekin bat egin genuen. Kausa argia bada, babesa emango diogu. Mugimendu irekia gara».
Urteurrena Euskal Herrian
Maiatzean ekintzaileek hitzaldiak, eztabaidak, irakurketa saioak eta proiekzioak egin dituzte arratsaldero Arriaga plazan. Hilaren 12tik, ostera, umeentzako jokoak egin dituzte antzerkiaren parean, eta informazio gunea ere ezarri dute. Horrez gain, larunbatean 3.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Bilboko kaleetatik barrena.
Bizkaikoa bada ere mugimenduaren barruan gehien antolatutako adarr, Hego Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere fenomenoak bizirik dirauela erakutsi dute asteburuan. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 2.000 pertsona izan ziren Gasteizeko mobilizazioan; 5.000 Donostian egindakoan, eta 10.000 inguru, Iruñekoan.
M-15 mugimendua. Lehenbiziko urteurrena
Txinparta berriz piztea xede
Herri eta auzoetako bilerak antolatu ostean, 2011ko maiatzean izandako indarra berritu nahian dabiltza Euskal Herriko M-15 mugimenduko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu