BERRIAk gaurko antolatutako mahai inguruan Eliza eta horren inguruko hainbat gai izan dituzte hizpide Joxe Arregi Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Joxin Arregi Gipuzkoako Caritaseko konsiliarioak eta Mikel Goenaga Astigarragako apaizak. Ainara Arratibel BERRIAko kazetaria aritu da saioa aurkezten.
Aita santuaren izendapenaz aritu dira lehenengo. Joxe Arregik "ilusioz" hartu zuen Frantzisko aita santuaren izendapena, "baina zer egin dezakeen inkognita bat da", haren ustetan. Joxin Agirrerentzat "ezustekoa" izan zen Frantziskoren izendapena, eta "itxaropenerako ateak ireki" ditzazkeela uste du. Aita santuaren arazo bat adina dela gaineratu du, fisikoki ez dagoelako "bere osotasunean".
Mikel Goenagaren arabera, garrantzitsua da "aita santuak musulmanekin harremana sakontzea". "Botere asko du gizon batek, baina zailtasunak izango ditu. Kristauentzat berri ona izan da”, esan du.
Elizaren orainaz
Elizaren egungo egoeraz ere mintzatu dira. "Berrehun urteko atzerapena daramagu", esan du Joxe Arregik. Haren arabera, "Mendebaldeko gizartean bi aro kulturalen atzerapena dute erlijio erakundeek". Joxin Arregiren iritziz, Elizan parte-hartzea handiagoa da orain: "Nire irizpideak dauzkat eta goitik ez didate ezer esaten".
Goenagak pobreak izan ditu hizpide: "Behartsuen artean denetarik dago. Konpromiso gertu bat izan nahian, haiekin egon nahi dugu. Herriko jendeari batzuetan ondo laguntzen diogu, baina ez beti". Joxe Arregirentzat ”Caritas da zalantzarik gabe Eliza Katolikoaren aurpegi onena, gizatiarrena, gizarte eraldatzaileena". Nabarmendu du Caritasen dirua jendeak eta administrazio publikoak emandakoa dela, eta ez Elizak emandakoa.
Elizak bestelako erakundeekin duen harremanaz Joxe Arregik adierazi du elizbarrutietan "erabateko menpekotasun ekonomikoa" dagoela eliz erakunde eta administrazioaren artean: "Elizak hustutzen direnean, bidegabea irudituko litzaidake gotzainek saltzea eta dirua beraiek eramatea".
Emakumeak eta Eliza
Goenagak azaldu duenez, Eliza "femeninoa" da parte hartzeari dagokionez, baina erabakiak gizonezkoen esku daude. "Lehendik datozen zamak konpondu behar dira", esan du. Haren iritziz, ”txipa aldatu behar da errotik emakumeei dagokienez".
Joxe Arregik adierazi du eredu "demokratikoagoa" behar dela Elizan; haren ustetan "erakunde patriarkalena Eliza katolikoa da".