Txipa duten edukiontzien eta barra kodea duten zabor poltsen bidez bilduko dituzte hondakinak Zumaian (Gipuzkoa). Hala adostu du hondakinen gaiari konponbidea emateko herri horretan sortutako eztabaida mahaiak. %80ko birziklatze tasa lortzea jarriko dute helburu. Gainontzean, «neurri zuzentzaileak» jarriko dituzte martxan.
Azaroan sortu zuten mahaia. Han daude ordezkatuta: udala, Bildu, Aralar, EAJ, PSE-EE Zumaiako Zero Zabor Taldea, Zumaiako Atez Atekoaren Aurkako Plataforma eta Zumaiako Natur Taldea. Hilabete hauetan bakoitzak bere proposamenak eta ekarpenak egin dituzte, eta gaur adostutako proposamenaren berri eman dute.
Txipa duten edukiontziak jarriko dituzte, gutxienez, zabor organikoa, errefusa eta ontzi arinak jasotzeko. Familia bakoitzak horiek zabaltzeko txartel pertsonalizatuak izango dituzte. Jendeak bereizketa behar bezala egiten duela ziurtatzeko, barra kodez identifikatutako boltsak erabili ahal izango dituzte soilik. Ez dute egutegi finkorik jarriko zaborra botatzeko. Eraikin publikoak, enpresak eta saltokiak sistema horretara egokitzeko ere egungo bilketa sisteman hobekuntzak egitea aurreikusten dute. Herrian egiten diren jai eta ospakizunetan —udalak zuzenean antolatzen dituenak zein diru laguntzen dituenak—ahalik eta hondakin gutxien sortzeko egingo dute lan, eta horiek gaika bilduko direla bermatuko dute.
Plan hori abian jartzeko bideragarritasun plana egingo dute orain. Ekonomikoki bideragarria dela ikusten badute, indarrean jarriko dute. Ez dute, ordea, datarik zehaztu. Ormaiztegiko Udala ere atez ateko sistema ezartzekoa zen, baina azkenean gaikako bilketa derrigorrezkoa izango duen edukiontzien sistemaren alde egitea erabaki du