Hilabete askoko zalantza argitu du Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Elkarte gastronomikoetan ezingo da erre.Elkarteen legearen arabera erregistratuak daudenetan edota langileak dituztenetan behinik behin. Sailburuaren arabera, bi mailatako txokoak daude: «Batzuk elkarteen legeari lotutakoak, eta besteak, txikiagoak, egitura txikiagokoak, lagun kuadrilla batek osatuak». Azken horiek, Bengoaren iritziz, ez daude elkarteen legeari atxikiak, eta langilerik ez izanda, ez dute «erretzaile pasiborik». «Era horretako txokoetan erre daitekeela uste dugu», gaineratu du.
El Correo eta El Diario Vasco egunkariek atzo argitaratu zuten Espainiako Osasun Ministerioak adierazi duela tabakoaren legeak elkarteetan erretzea debekatzen duela. Erkidegoentzako gutxieneko legea da Espainiakoa, eta, horren arabera, EAEn eta Nafarroan ezarri egin beharko litzateke debeku hori. Osasun Ministerioak, baina, ukatu egin zuen, arratsaldean, elkarte gastronomikoetan erretzeko debekua ezarri duela.Ministerioaren arabera, erkidego bakoitzari dagokio «legearen garapena eta zaintza», eta erkidego bakoitzak erabaki behar du «legeak gune jakin bati eragiten dion ala ez».
Espainiako Gobernuak albistea ezeztatu ondoren, Osasun Saileko iturriek BERRIAri adierazi zioten legeari jarraiki debekatuta egongo dela erregistratuta dauden elkarteetan erretzea.
Otsailaren 3an Eusko Legebiltzarrak onartutakotabakoaren aurkako legeak ez ditu elkarte gastronomikoak espresuki aipatzen, gune pribatuak direla ulertuta, barne arauen arabera funtzionatu behar dutelako. Bengoak atzo adierazi zuenez, EAEko legea «ez dago moldatu beharrik, Espainiako legeak eta euskal legeak proposatzen dutena bateragarriak direlako». Sailburuaren arabera, «kerik gabeko Euskadi bat» lortzeko «sinergia» erakusten dute Espainiako eta EAEko legeek.
Gaur egun 757 elkarte gastronomiko daude Gipuzkoan, 457 Bizkaian, 213 Araban eta 106 Nafarroan. Erretzeko debekuak elkarte horietako 160.000tik gora bazkideri eragingo die.
Bengoaren iragarpenak «ezustean» harrapatu du Luis Mokoroa Donostiako Kofradia Gastronomikoko kidea. «Ez dakigu oso ondo zer nahi duten egin. Orain dela hiru aste gauza bat esaten zuten, eta orain hau. Ezin da ulertu».
Elkarte gastronomikoen izaera pribatua nabarmendu nahi du Mokoroak:«Gure etxean sartzea bezalakoa da hau. Eta esaten digute gure etxean ere ezin dugula erre». Horri lotuta, elkarteetako bazkideek beren artean onartzen dituzten arauei muzin egin izana leporatu dio legeari. «Elkarte bateko kide bazara, elkarteko arauak onartzen dituzu. Eta kanpotik hasten badira hor sartzen...». Mokoroak, gainera, uste du tabakoaren legeak izaera zigortzailea duela: «Legea ez da, berez, zigortzeko, baizik eta elkarbizitza arautzeko. Baina hemen zigorrari eman zaio lehentasuna».
Juanjo Martinez de Viñaspre gastronomo eta Gasteizko Kapildui elkarte gastronomikoko kideak uste du elkarteei beraiei utzi behar zaiela erretzen den ala ez erabakitzea: «Beste erabaki batzuk bezala, bazkideek hartu behar dute erabakia».
Elkarte gastronomikoetan langileak daudela adierazi zuen Bengoak, baina Martinez de Viñasprek «aitzakia» gisa ikusten du langileen aipamena egitea erretzeko debekua ezartzeko: «Elkarteetan garbitzailea izaten da langile bakarra, eta, normalean, inor ez dagoenean egiten du lan. Erretzailerik ez duenean parean».
Martinez de Viñaspre ez da ausartzen zer gertatuko den esatera. Baina bazkideen erabakia izan behar duela deritzo. «Adingabeak bizi diren etxe batean debekatuko dute erretzea? Salaketa jarriko didate? Bada, berdin-berdina da txokoetan gertatzen dena». Era berean, administrazioek tabakoaren kontrako legearen eragin guneen inguruan sortu dituzten zalantzak salatu ditu Martinez de Viñasprek: «Lehendabizi, esan zuten txokoetan ezingo zela erre; gero, baietz; atzo goizean, Espainiako Gobernuak debekatu duela; eta arratsaldean, ezetz... zer izango da hurrengoa?»
Bestalde, Facua kontsumitzaileen elkarteak Iruñeko Casino Eslava ostalaritza gunearen kontrako salaketa jarri du, haren terrazak «tabakoaren kontrako legea hausten duelako». Iruñeko Udalak Gazteluko plazako taberna guztiei proposatutakoari jarraituta, Casino Eslavak beirazko hormez inguratutako terraza jarri zuen urte hasieran. Sabairik gabeko terraza da, salbu eguraldiak ixtera derrigortzen duenean. Tabernak erretzeko debekua ezarri du, Nafarroako Gobernuak ebazpenen bat eman arte.
Txokoetan ere ezingo da
Erregistratutako elkarteetan erretzea debekatuko dutela esan du Jaurlaritzako Osasun sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu