Bilboko Konpartsak, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsek aurkeztutako alegazioa ez du aintzat hartu Bilboko Udalak eta beraz, azken bi konpartsa horiek ezingo dute 2010eko eta 2011ko Aste Nagusiko jaietan parte hartu. Udalaren arabera, aurtengo jaietan "terrorismoa goratzen duten irudiak" zeuden Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsen txosnetan eta horregatik jaietan parte hartzeko debekua ezarri die, erabaki horren aurka konpartsek aurkeztutako alegazioa baztertuta.
Udalak gaineratu du ez dela "zigor administratibo bat, baizik eta arauak ez betetzeagatik" utzi dituztela jaietan egoteko gaitasunik gabe. Orain arte Txori Barrote eta Kaskagorrik txosna ezartzen zuten lekuan, berriz, ez duela beste txosnarik ezarriko adierazi du Udalak.
Bi konpartsei ezarritako zigorra 2011n amaituko da, baina Udalak jakinarazi duenez, 2012an, Aste Nagusia hasi baino sei hilabete lehenago, terrorismoaren biktimen legeak eta jaietako araudiak dioena beteko dutela baieztatzeko txostena aurkeztu beharko dute Bilboko Konpartsek, Kaskagorrik eta Txori Barrotek, jaietan parte hartzeko.
gizartea
Txori Barrote eta Kaska Gorri konpartsek ezingo dute jaietan parte hartu, Bilboko Udalaren erabakiz
Aurtengo Aste Nagusian bi konpartsa horien txosnetan "terrorismoa goratzen duten irudiak" zituztela argudiatuta, jaietan parte hartzeko debekua ezarri die Udalak. Konpartsek alegazioa aurkeztu dute, baina Udalak ez du onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu