Peraltak gaur deklaratu du berriro Fermin Otamendi epailearen aurrean. Martxoaren 7tik dago preso, eta Iruñeko espetxetik eraman dute epaitegira. Abokatuak jakinarazi du aske geratuko dela arratsaldean. Abokatuak salatu du ez zela bidezkoa Peralta espetxean izatea beste auzipetu guztiak aske egonik.
Artxankorekin batera espetxeratu zuten Peralta, baina presidente ohia 500.000 euroko bermea ordainduta atera zen joan den astean. Abokatuak ez du esan zergatik utzi duen epaileak orain aske, joan den astean baldintzarik gabe espetxeratu ondoren.
Ez da Peralta gaur epaitegian izan den bakarra. Angel Bizkai kudeatzaile ohia, Miguel Artxanko presidente ohia, Juan Pascual zuzendaritzako kide ohia eta Diegi Makirriain Osasuna Fundazioko zuzendaria ere epaitegian izan dira deklaratzen. Osasunaren altxortegian falta diren 2,4 milioi euro non dauden ikertzen ari da epailea, eta diru horrekin Espainiako Ligako partidak erosi zituzten, mailaz jaistea saihesteko.