Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo eguerdian, Iruñean, Eleak-ek antolatutako txupinazoan eta ikurrinaren omenaldian. Protesta modura antolatu zuten, 2010eko txupinazo eguneko istiluak direla-eta Iruñerriko 13 gazteren kontra hemendik gutxira egingo den epaiketa salatzeko.
Egun hartan, gazte batzuek ikurrin handi bat atera nahi izan zuten Udaletxe plazan, baina udaltzainak oldartu zitzaizkien. Orduko gertakarietan, Madrilgo gazte batek zauri larriak izan zituen, buruan botila batek jo zuelako.
Zazpi hilabete geroago, 16 gazte atxilotu eta akusatu zituzten desordena publikoengatik. Orain, fiskaltzak bi urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatzen du auzipetutako gazte bakoitzarentzat, eta bost urte eta hiru hilabete ustez botila bota zuenarentzat.
Eleak-en iritziz, epaiketa hori «bidegabekeria galanta da», «erasoa jasandako pertsonak baitira akusatuak». «Plazan gertatutako istiluak UPNren eta haren udaltzainen erantzukizuna dira, arduragabekeriaz sartu baitziren plazara ikurrina kentzeko asmoz».
'Txupinazoa', maiatzaren 5ean
2010eko txupinazoko gertaerengatik epaituko dituzten gazteei babesa eskaini zieten, atzo, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu