Gernikako Akordioaren sinatzaileak Zaballako espetxearen aurrean (Araba) bildu dira gaur goizean, Txus Martin euskal presoaren egoera salatzeko. Horien izenean, Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko bozeramaileak esan du Martinen gaixotasuna Espainiako legediaren arabera presoa kalean uzteko modukoa dela, eta, horregatik, Martin kaleratzeko eskatu dute; eskaera hori, gainera, gaixotasun larriak dituzten beste euskal presoentzat ere egin dute.
Etxerat-ek aste honetan salatu du Martin dela une honetan "osasun egoera larrienean" den presoa. Nahasmen eskizo-afektiboa du, gaixotasun larria. Joseba anaiak herenegun kontatu zuenez, gainera, haren osasun egoerak okerrera egin du azkenaldian: "Orientazioa galduta ere etortzen da bisitetara; hitz egitean, koherentziari eustea kosta egiten zaio, eta egun osoa ia lokartuta ematen du. Ziegan berekin dagoen kideak esan behar izaten dio bazkaltzera joan behar duela ere".