Euskal presoak

Txus Martin «bakarrik» dagoela ohartarazi dute

Zaintza protokoloa ezarri dioten arren, harekin zegoen euskal preso bakarra espetxez aldatu egin dute

Gaixo dauden presoak aske uzteko eskatu zuten, atzo eguerdian, Bilboko Auzitegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Gaixo dauden euskal presoak aske uzteko eskatu zuten, atzo eguerdian, Bilboko Auzitegiaren aurrean. Han bildutakoek Txus Martin Basauriko presoaren egoeraz ohartarazi zuten bereziki. Martinek gaixotasun larria dauka, eta Zaballako espetxean dago (Araba). Duen gaixotasuna dela eta, laguntza protokoloa ezarri diote, baina, haren gertukoek salatu dutenez, «bakarrik» aurkitzen da.

Harekin zegoen euskal preso bakarra —Ekaitz Samaniego— espetxez aldatu dute. Aurretik, Ruben Nieto euskal presoa izan zuen alboan, eta, harekin konfiantza hartua zuenean, Ekaitz Samaniego jarri zuten berarekin ziegan. Preso arruntekin dago Martin, eta horietako bat harekin dago denbora guztian; baina senideek nabarmendu dutenez, duen gaixotasunagatik, arrotza egiten zaio edonorekin konfiantza hartzea, eta «itxi» egiten da. Egoera horrek Martinen osasun psikologikoan ekarriko lukeen arriskuaz ohartarazi dute. «Espetxean ez dago psikiatrikoki zainduta, eta espetxeratuta egotearen berezko baldintzek ez dute uzten behar bezala artatzen; aitzitik, estres egoerak bata bestearen atzetik gertatzen dira, haren osasunaren okerrerako». «Baldintza hauetan dagoen pertsona bat oraindik espetxeratuta egotea ez dago ulertzerik», gaineratu dute.

«Denon ardura»

Herrira mugimenduak deitu zuen atzoko elkarretaratzea, eta han izan ziren ikasle mugimenduko kideak. Gaixo dauden gainontzeko presoak aske uztea «denon zeregina» dela nabarmendu zuten, eta larunbateko martxanparte hartzera deitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.