Datu nagusiak aurreko egunetako ildo beretik datoz gaur. 24 kasu berri diagnostikatu dituzte PCR proben bidez (atzo baino bat gehiago). Araban bat, sei Bizkaian eta 14 Nafarroan. Beraz, gaur ere Nafarroa nabarmendu da kasu positiboen kopuruagatik. Azken zazpi egunetan, 68 kasu atzeman dituzte Nafarroan. Aldiz, hegoaldeko beste hiru lurraldeetan 46.
Heriotzak zenbatzen jarraitu behar da. Beste lau pertsona gehiago hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta (atzo baino bat gehiago). Hiru EAEn, eta bat Nafarroan. Horrez gain, bi ospitaleratu berri izan dira, eta zaintza intentsiboetako unitateetan atzo baino hiru pertsona gutxiago dago.
Munduan, berriz, positibo kasu gehien atzeman dituzten eguna izan da: 117.000, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera. Gehienak, Brasilen (26.000tik gora), eta gero AEBetan (20.000tik gora).
Ereduak eta emaitzak. Munduko herrialde guztietan ez dute berdin jokatu COVID-19aren aurrean. Suediak "itxialdi adimenduna" deituriko ereduaren alde egin du, askatasun indibidualak ahalik eta gutxien mugatuz. Baina emaitzak kezkagarriak dira: heriotza tasa askoz ere handiagoa da Suedian inguruko estatuetan baino. Portugal eta Greziaren kasuak oso bestelakoak dira: neurri zorrotzak eta goiztiarrak ezarri dituzte, eta heriotza tasa askoz baxuagoak dituzte. Neurri zorrotzak azkar hartzeak emaitza hobeak ekarri ditu Portugalen eta Grezian, inguruko herrialdeekin alderatuta.
Hondartzak bilgune. Eguraldi eguzkitsuarekin, hondartzen erakarmena biderkatu egin da egunotan, eta horrekin batera jendearen presentzia antolatzeko arazoak. Ipar Euskal Herriko kostaldean asmatu zuten hondartza dinamikoen kontzeptua, eta eredu hori ezarri nahian ari dira Hegoaldeko hainbat hondartzetan. Baina, Iparraldean ohiko eredura itzultzeko asmotan daude. Datorren astean normaltasunez irekiko dira hondartzak Ipar Euskal Herrian, urruntze fisikoa atxikirik.
Kaleko mobilizazioak. Osasun egoera hobetzearekin batera, kaleko mobilizazioak ugaritzen hasi dira, babes neurriekin bada ere. Adibidez, Etxerat-ek euskal presoak herriratzeko elkarretaratzetara deitu du berriz. Aste honetan, Hamaika Gara dinamikak ekainaren 7an plazak aldarriz betetzera deitu du, 'Hemen erabaki, herritarrok erabaki' lelopean. Gaur bertan, Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak iragarri ditu ekainaren 19rako, 'Etxean geratu naiz, orain kalera aterako gara' lelopean.
Agian honek ere merezi du
Adinekoen ahotsa. Joera nagusia da adinekoei buruz hitz egitekoa, adinekoak kontuan hartu gabe. Mari Luz Esteban antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak gogoeta sorta interesgarria harilkatu dute, Maider Galardi kazetariak eginiko elkarrizketan. Adinkeria salatu eta adinekoen ahots kolektiboari lekua egiteko eskatu dute. Elkarrizketa BERRIA FM podcast-erako egina da. Beraz, irakurtzeaz gain, elkarrizketa entzun daiteke ere.
Geldiunea zientziarentzat ere. "COVID-19ari buruzkoa kenduta, zientzia ikerketa etenda egon da". Ionan Marigomez EHUko irakasle eta PIEko zuzendariaren hitzak dira. Bi hilabeteko etenaldia izan dute Plentziako Itsas Estazioan. "Galera handia izan da, udaberria joan zaigulako etenaldi honetan".
Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.