Nafarroako udal antolaketa

Udal autonomia deuseztatu nahi du UPNk, Bildu eta NaBairen hitzetan

Osoko zuzenketa aurkeztu diote bi koalizioek gobernuak proposatutako Udal Administrazioa Berrantolatzeko foru legearen aurreproiektuari. Diotenez, goitik behera egindako plangintza da UPNrena, eta irizpide ekonomikoak baino ez ditu kontuan hartzen. Udal zerbitzuak pribatizatu nahia ere kritikatu dute.

Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 15a
17:18
Entzun

Ados dira alderdi guztiak erreformaren beharrarekin. Udal eta tokian tokiko erakundeen mapa eraginkorragoa behar du Nafarroak. Ez da hori arazoa. Erreforma egiteko ereduak piztu du eztabaida. Udal eta tokian tokiko erakundeen mapa goitik behera aldatzen duen lege aurreproiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, eta aurre egin dio oposizioak. Zaborra, ura eta bestelako zerbitzuak kudeatzeko 67 mankomunitate daude egun, eta, horien ordez, sei erakunde sortzea proposatu du, adibidez. %91ko murrizketa egitea, alegia. Kudeaketa azpiegitura txikitzea da xedea, eta dirua aurreztea da plangintzaren funtsa. Planteamendu okerra egitea egotzi diote Bildu eta NaBaiko ordezkariek. “UPNk udal autonomia deuseztatu nahi du”. Osoko zuzenketa aurkeztu diote lege proiektuari.

Prozedurazkoa da lehen akatsa, diotenez. Udal eta tokian tokiko erakundeen iritzia kontuan hartu gabe egin omen du plana gobernuak, eta, hain justu, alderantziz jokatu behar lukeela uste dute Bildu eta NaBaiko ordezkariek. 200 udal ordezkarirekin bildu dira haiek, eta hori da udaletan jaso duten kexa nagusia. “Bere iritzi eta kezkak ditu bakoitzak, baina gobernuak beren ahotsa entzun dezan nahi dute denek”. Goitik behera ezarritako planaren ordez, behetik gora eztabaidatutako proposamena defendatu dute horregatik.

Abertzaleen aburuz, zentralizatu egin nahi ditu zerbitzuak UPNk, eta orain arte baino estuago hartu nahi dituzte udalak. Zorrotza da kritika: proposamen horrek ekonomikoki ito egingo ditu tokian tokiko erakundeak, eta beren autonomia fiskala deuseztatuko du. Erreforma egiteko irizpide ekonomikoak bakarrik hartu omen dituzte kontuan, gainera, eta okerra da jarrera hori Bildu eta NaBairen ustez. Herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak dira berrantolaketaren eztabaidaren erdigunean jarri beharrekoak, diotenez.

Madrilgo erreforma

Madril jarri du aitzakiatzat Nafarroako Gobernuak. Nafarroan haien planteamentua onartu ezean Madrilen diseinatutakoa jarriko omen delako indarrean. Izan ere, tokian tokiko erakundeen egitekoak moldatzeko plan bat bultzatu nahi du Mariano Raxoiren gobernuak, eta horri aurre egin beharra aipatu dute errejionalistek. Gezurretan aritzea egotzi diote, ordea, koalizio abertzaleek. Haien hitzetan, “osagarriak” dira bi planak, eta ez dute elkar ukatzen. Ezin dute. Biak dira, ordea, murriztaileak, eta horregatik uste dute biak direla “oso txarrak”. Mankomunitateen eskuduntzak kendu eta finantzaketa murriztea da Madrilen asmoa, eta berrantolaketa administratiboa moldatzea. Biak atzera botatea litzateke haien ustez nafarrentzako onena.

Egun udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak pribatizatzeko aukera ere zabaltzen dute UPNren eta PPren erreformek, gainera. Hori uste dute Bildu eta NaBaik, eta kontrapuntu gisa, argi azaldu dute beren jarrera koalizioetako ordezkariek: “Herritar guztiek dute eskubide bera zerbitzuak jasotzeko, Nafarroako edozein gunetan bizi direla ere”. Horrek behar luke erreformen muinean.

Beste hilabete zuzenketak aurkezteko

Gaurkoa zen berez zuzeneketak aurkezteko azken eguna, baina hilabetez luzatu du epea Nafarroako Gobernuak. PSNk egin dio eskaria, eta onartu egin du UPNk. Bi alderdiok ostatutako gobernuak abiatu zuen erreforma, eta Roberto Jimenez izan zen proposamenaren gidari nagusia. Hark aurkeztutako plana gogor kritikatu zuen UPNk, ordea, eta gobernua haustean, haiek hartu dute erreformaren gidaritza.

Osoko zuzenketa aurkezteko asmoa azaldu zuten sozialistek hasiera batean, eta denbora gehiago eskatu dute orain. Horregatik, bi alderdiak negoziazioetan dabiltzala uste dute horregatik Bildu eta NaBaiko ordezkariek. Madrilen zer erabakiko zain daudela uste dute abertzaleek. Susmo hori dute, behintzat. Madrilen PPk eta PSOEk zer ebatziko esperoan direla PSN eta UPN, haiek gero Nafarroan ildo bereko erreforma bat adosteko.

Gobernua, eztabaidarako prest

Beren proposamena “irekia” dela adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta gainontzeko alderdiekin eztabaidatzeko prest dagoela dio. Javier Esparzak azaldu du UPNren jarrera, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko departamentuko kontseilariak. Haren hitzetan, beharrezkoa da adostasuna, bestela udalak zerbitzuak eskaini ezinik gelditzeko arriskua egongo baita. Aitortu duenez, gastua da erreformaren muina, eta udalek zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko moduak bilatzea da beren asmoa. “Bestela oso zaila izango baita haientzat haiei eustea”.

Madril ere izan du gogoan. Dioenez, zerbitzuak mantentzen dituen udal eredu “eraginkor eta merkeagoa” lortzea da Raxoik gidatzen duen gobernuaren helburua. “Eta guk funtsezko aldaketarik egin ezean, norbaitek esan dezake ez garela ari gure partea betetzen”. Gainera, Nafarroak herri administrazioa ordenatzeko gaitasuna duen arren, Espainiak erabakitakoaren eskutik joan behar du erreformak, Esparzaren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.