Maiatzaren 22an Hego Euskal Herrian egingo diren udal eta foru hauteskundeetarako deia egin zuen iragan ostiralean Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, eta gaur sartu da indarrean deialdi hori. Espainiako legediaren arabera, maiatzeko laugarren igandea baino 55 egun lehenago deitu behar dituzte udal eta foru bozak. Epe eta fase ugarikoa izango da hauteskunde egunerako bidea.
Alderdiek apirilaren 7a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, Hauteskunde Batzorde Zentralean eta probintzialetan, ordezkari orokorrak eta probintziakoak. Horrekin batera, hilaren 8an amaituko da alderdiek administrari orokor bat izendatzeko epea. Gainera, hautagai zerrenda bakoitzeko administrari bat izendatu behar dute alderdiek, hilaren 18a baino lehen. Pauso horiek guztiak derrigorrezkoak dira alderdientzat, ondoren zerrendak aurkeztu eta hauteskundeetan parte hartu nahi badute.
Apirilaren 18a da, hain zuzen, zerrendak aurkezteko muga. Bestalde, hauteskunde koalizioa osatu nahi duten alderdiek apirilaren 9a baino lehenago jakinarazi behar diote asmo hori Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari.
Ofizialki, maiatzaren 6an hasiko dute alderdiek hauteskunde kanpaina. Ordura arte, Hauteskunde Batzorde Zentralak debekatu egin ditu propaganda politikorako hainbat ekimen; esaterako, erakunde publikoek eginiko inaugurazio ekitaldiak.
Erraklamaziorik ezean, ekainaren 11n eratuko dituzte udalak hautetsi berriekin. Erreklamaziorik jartzen bada, ordea, uztailaren 1era atzera daiteke udalen eratze data. Aldundiak ekainaren 18tik eta 23ra bitartean osatuko dituzte —uztailaren 8tik 13ra bitartean, errekurtsorik jarri bada—.
Ekainaren 15ean, Nafarroan
Nafarroako Gobernuak, atzo, maiatzaren 22rako Parlamenturako foru hauteskundeetara deitzeko foru dekretua onartu zuen. Gobernuak dekretu horretan zehaztu du bederatzigarren legealdiko Parlamentua ekainaren 15ean osatuko dutela, hauteskundeak izan eta 23 egun beranduago, hain zuzen. Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak aipatu zuen ekainaren 15eko datak «konnotazio demokratikoa» duela, 1977ko egun berean, Francoren diktadura osteko lehen hauteskundeak izan zirelako Espainian.
Era berean, exekutiboak Nafarroako 348 kontzejutan hauteskundeak deitzeko foru dekretua onartu zuen atzo. Sanzen arabera, 50 biztanletik beherako 160 kontzejutan presidentea aukeratuko da, eta 50 biztanletik gorako beste 188 kontzejutan, batzordetako presidentea eta kideak aukeratuko dira.
Udal eta foru bozetarako bideari hasiera eman diote
Maiatzaren 22ko bozetara deitzeko dekretua onartu zuen ostiralean Espainiako Gobernuak, eta gaurtik da indarreanApirilaren 7rako ordezkaririk izendatu ez duten alderdiek ezingo dute parte hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu