Nagusi askoren astoa, goseak hil. Esaera zahar horren bidez irudikatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal euskaltegietako langileek duten egoera. LABek eta ELAk adierazi dute «bi aldetako murrizketak» izaten ari direla euskalduntze eta alfabetatze zerbitzu publikoak: udalena eta Eusko Jaurlaritzarena. «Krisiaren aitzakian egindako murrizketak gehitu zaizkio, eta egoera itogarri bihurtu da hainbat kasutan», esan dute, prentsa agiri batean.
Murrizketak sektore publiko osoan egiten ari dira, baina sindikatuek gogorarazi dute euskaltegi publikoen izaera bereziak are gehiago zailtzen duela egoera; zehaztu dutenez, bai udalak, bai Eusko Jaurlaritza, denak ari zaizkie murrizketak egiten. Nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomikoa «ezinbestekoa» dela udalen egoera ekonomiko txarra dela eta. Hala ere, baliabide horietan egin dute «murrizketarik handiena», LAB eta ELA sindikatuen esanetan.
Sindikatuek jakinarazi dute zer-nolako zailtasunak dituzten arduradunak bilatzeko. Hain zuzen ere, gogorarazi dute bi instituzioren artean daudela, eta langileek udaletako lan hitzarmen batdutela, baina HABEren ardura da euskaltegien finantzaketa zehaztea udalekin. Horrenbestez, azaldu dute ez dakitela norekin argitu behar dituzten arazoak. «HABEren eta Eudelen arteko pilota partida bat izan da beti».
Gainera, LABek eta ELAk jakinarazi dute udal euskaltegien arteko aldeak areagotu egin direla udalenganako loturaren ondorioz. «Lan baldintzetan ezberdintasun nabariegiak sortu dira, eta sektorearen barruko kohesioa eta koherentzia ezinezko bihurtu dira».
Hutsune historikoak, handitu
Udal euskaltegien historiaren balorazioa ere egin dute sindikatuek, eta ondorioztatu dute ez dutela izan behar besteko bultzadarik. «Ezin esan genezake inoiz hizkuntza politikarik egin denik euskarak behar duen modukorik». Ordea, gaineratu du euskaltegien eta ikasleen aurkako erasoak eta murrizketak «etengabeak» izan direla PSE-EE Eusko Jaurlaritzara heldu zenetik. «Euskararen ezagutza bermatu beharko lukete sektore publikoek, baina hori gero eta gehiago zailtzen ari dira».
Udal euskaltegiek «bi aldetako murrizketak» kritikatu dituzte
Euskalduntze zerbitzu publiko «duin» bat eskatu dute ELAk eta LABek, eta langileen zailtasunak gogorarazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu