Udal Legearen aurka helegitea jarriko du Bizkaiko Foru Aldundiak

Jose Maria Aburtoren arabera, foru aldundiak «desagerrarazteko» asmoa agerian utzi du alderdi sozialistak

Jose Luis Bilbao diputatu nagusia eta Jose Maria Aburto, kargua hartzeko ekitaldian, ekainaren 30ean. M. R. / ARP.
Erredakzioa
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Udal Legearen aurreproiektuaren aurkako helegitea aurkeztuko du Bizkaiko Foru Aldundiak foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko eskuduntza arazoak aztertzen dituen Arbitratze Batzordean. Jose Maria Aburto aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, «agerikoa» da lege proiektu horrek aldundiei dagozkien hainbat eskuduntza «edukiz hustu» egiten dituela eta «Gernikako Estatutua urratzen» duela. Aburtoren hitzetan, Lurralde Historikoen Legearen kontrako «eraso zuzena» da lege proiektua, eta horren atzean PSOEk foru aldundiak «desagerrarazteko» duen asmoa dagoela salatu du.

Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Aburtok adierazi du orain arteko udalen finantzaketa sistemarekin jarraitu nahi duela Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur egun, foru aldundiek diseinatzen dituzte udaletako finantza irizpideak, baina Eusko Jaurlaritzak onartu duen proiektuak udalei autonomia gehiago eman nahi die, euren baliabide ekonomikoak eta eskuduntzak kudea ditzaten.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu ostean, Eusko Legebiltzarrak babestu beharko du lege proposamena. Hala ere, PSE-EEren babesaz gain, EAJrena edo PPrena ere beharko du Eusko Jaurlaritzak. Bi alderdi horietako buruzagiek egunotan egin dituzten adierazpenen arabera, EAJko eta PPko legebiltzarkideak ez daude testua bere horretan babesteko prest. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duen alderdiak adierazi du ez duela foru aldundiak «hustuko» dituen legerik onartuko, eta EAJko Euzkadi Buru batzarreko idazkari Belen Greavesek, berriz, azaldu du lege proiektuak ez duela «hasiera onik» izan.

Greavesek salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela proiektua «kontrastatu» ez oposizioko indar nagusiekin ezta gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal gehien kudeatzen dituen alderdiarekin (Bildurekin) ere. Hala ere, jeltzaleak «akordioetara iristeko prest» daudela nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritza iaz hasi zen proiektua lantzen, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru foru aldundien eta Eudelen ekarpenak jaso zituen. Ez zen prozesu samurra izan; Eudelen izan ziren tentsio handienak, EAJko eta PSE-EEko kideen artean bereziki. Udal Legea onartzeko borondaterik ez izatea leporatu zion Jokin Bildarratz Eudeleko presidenteak (EAJ) Eusko Jaurlaritzari. Bildarratzen kritikak onartu ez, eta Eudel uzteko mehatxua egin zuten hautetsi sozialistek. Legeari buruzko adostasuna lortze aldera, lege horrekin lotutako ekimenak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Eudeleko zuzendaritzak.

Sozialistak, «harrituta»

Bizkaiko Foru Aldundiko eledun Jose Maria Aburtok adierazi duenez, EAJk «herenegun arte» ez du jakin erakunde horiek eginiko zein ekarpen hartu dituen kontuan Eusko Jaurlaritzak, eta salatu du proiektuaren zehaztasunen berri «agerkari digital» baten bidez jaso zutela.

Aburtoren hitzei erantzunez, Bizkaiko Batzar Nagusietako PSE-EEren taldeak ohar bat kaleratu du. Sozialisten ustez, «harrigarria» da Aburtok adieraztea lege proiektua ezagutzen ez zuela eta egun bat geroago helegitea aurkeztuko duela esatea. Bizkaiko sozialisten ustez, jeltzaleen asmoa da «beste behin» Udal Legearen tramitazioa «oztopatzea».

Udal Legea azken gobernuetako «lehentasunetako» bat izan da. Hala izan zen Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren kasuan ere, baina legealdiaren amaierarako utzi zuen. Orduan aurkeztutako proiektuaren aurka helegitea aurkeztu zuten Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek. Bi zuzenketa salbu, Arbitraje Batzordeak ez zien arrazoia eman aldundiei.

Lopezen gobernuak ere legea 2010eko lehen seihilekoan onartzeko konpromisoa hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.